Frackingaren kontrako lehenengo seinalea jarri du Sopelako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abe. 12a, 18:41

Presio hidraulikoa baliatuz lurzoruko arrokak hautsiz gasa ateratzeko "fracking" izeneko teknikaren kontrako lehenengo seinalea jarri du gaur Sopelako Udalak. Aipatu ikurra Loiola Ander Deuna kalean ipini dute, BI-634 errepidearen gaineko pasabidearen aurrean. Hurrengo astean, Sopelako Udalak beste seinale bat jarriko du, kasu honetan Barrika eta Sopela udalerrien arteko mugan, Ander Deuna baselizaren alboan. Modu honetan, auzokideek, bisitariek eta gainontzeko erakundeek jakingo dute Sopela “fracking gabeko udalerria” dela. Tokiko erakundeak gogoratu duenez, ekaineko osoko bilkurak adostu zuen aipatu seinaleak Sopelan jartzea, Udal Gobernuaren mozio bat onartu ostean. Gainera, Hidrocarburos de Euskadi enpresa publikoari eskatu zion fracking-arekin lotutako baimen guztiak bertan behera uztea. Azaroan, Sopelako Udalak Espainiar Gobernuaren lehenengo jakinarazpena jaso zuen. Horri erantzunez, Sopelako Udalak deialdi bi egin ditu hurrengo asterako: lehenik eta behin, asteartean, abenduak 16, hitzaldia izango da David Cobos Fracking Ez Bizkaia taldeko kidearen eskutik, 19:00etan Kurtzio kultur etxean. Argazkian, gaur jarritako seinalea / © Sopelako Udala.

Bestalde, bi larunbat barru, abenduaren 20an, fracking-aren kontrako kalejira egingo dute, 12:30ean udaletxeko plazatik abiatuta. "Modu horretan, Udalaren asmoa da lehenik eta behin auzokideak informatzea haustura hidraulikoaren inguruan, eta bestalde, gogoraraztea Sopelan ez dugula fracking-a onartuko", adierazi dutenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun