Larunbat honetan, hilak 13, Okupazio Eguna ospatzen dabil Getxoko
Txorimalo gaztetxeak. Goizeko 11etan ekin diete ospakizuna eta aldarrikapena uztartzen dituen eguneko ekimenei, Abian kultur elkartetik abiatu den poteo musikatua dela medio. Ondoren, Getxoko Udalak Tangora etxean duen Gazte Informazio Bulegoaren aurrean elkarretaratzea egin dute, Udal Gobernu jeltzaleak darabilen politika salatzeko. Horrenbestez, 14:30ean bazkaria egingo dute Txorimalo gaztetxean bertan, txartela hiru eurotan eskuratu daitekeela. Egitarauarekin jarraituz, 4ak aldera, bingo eta zozketa izango dira, bi ordu beranduago okupazio mugimenduko beteranoek beren esperientziak eta eskarmentua azalduko dituztela. Azkenik, gauez, Meraki eta Striknina taldeek emango dute kontzertua 21:00etatik aurrera, sarrera atean bertan eskuratu ahal izango dela, 3 eurotan. Eta ondoren gaupasa egingo dute DJ Play-ren eskutik. "Txupito" bereziak izango dira gau osoan zehar. Egun osoko txartela bost eurotan lor daiteke. Argazkian, hainbat ume Txorimalo gaztetxeko urteurrenetako bat ospatzeko jolasetan.