Ahobilkiak sariak banatuko ditu gaur Algortako Bertsolari Eskolak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abe. 13a, 16:32

Gaur, larunbata, hilak 13, estreinaldiko aldiz Ahobilkiak sariak banatuko dizkie eskualdeko hainbat eragileri Algortako Bertsolari Eskolak. Ekimena bertso-urtea bukatzear dela gogoratzeko Gabon aurretik ospatzen ohi duten Ahobi Galaren baitan izango da, Algortako Fadurako kafetegiaren bigarren solairuan. Hitzordua arratseko 6etan jarri dute. Bertan, honako hau izango da bertsozaleak topatuko duena: ALBE osatzen duten taldeen bertso-saioa, bertso eskolako gazteek prestaturiko ikuskizuna, aipatutako Ahobilkiak ematea, 2014 urteak eman duenari argazki-errepasoa, agurra eta lunch-a. Halere, gaurko hitzorduak ez die amaiera emango aurten Uribe Kostan izaten den bertso saio sortari. Besteak beste, hurrengo ostiralean, hilak 19, bertso poteoan arituko dira Andoni Egaña eta Odei Barroso Sopelan zehar, Oxabi erromeria taldearen doinuak girotuta. Irteera udal pilotalekuan jarri dute Aitxu! euskara taldeak eta ALBEk, 20:00etan. Hilaren 26an, berriz, izen handia hartu duen Bertso Jira izango da Erandioko Altzaga auzoan, bertan Sustrai Colinak eta Nerea Elustondok abestuko dutela, Gibelurdinek jarritako musikari kasu eginez edo ez. La Plaza tabernatik irtengo dira 20:30ean, ALBEk eta Berbots! Erandion Euskaraz-ek zabaldu legez. Argazkian, ALBEko hainbat kide artxiboko irudian / © 365egun.eu.

Ahobi sarietatik Ahobilkiak sarietara

Algortako Bertsolari Eskolak jakinarazi duenez, aurton, orain arteko Ahobi irudi tridimentsionalen ordez, paper euskarriko sari berriak banatuko ditu Ahobi Galan. Sari berri horiei Ahobilkiak izena jarri diete, eta eskura emango zaizkie saritutako elkarte, talde eta banakoei, zein beren ordezkariei, aipatu ekitaldian bertan. Saridun kopurua luzea da, izan ere aurton ALBEren inguruan, bertso zein euskara arloan, kulturgintzan edota herrigintzan jardun duten eskualdeko herri-elkarteak saritzea erabaki baitu ALBEk. "Zerrenda luzea da, baina uste dugu urteetako elkarlan eder eta mamitsu hori zelanbait eskertzea polita ez ezik, egokia izan daitekeela, argi baino argiago baitaukagu herri-mugimenduok ez garela uharte; izatekotan, artxipelagoa ginateke, hau da, elkarren beharrizana duten uharte multzoa", antolatzaileek adierazi dutenez.

Ahobi Galaren kartela

Ahobi Gala 2014 kartela

Sopelako poteo musikatuaren kartela

Sopelako bertso-poteo musikatua

Erandioko Bertso Jiraren kartela

Erandioko bertso-jira musikatua 2014
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun