Espetxe politika "kriminala" salatuko dute iluntzean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abe. 16a, 18:12

Gaur, astearte iluntzean, Sortuk deituta, "Espetxe politika kriminalari Stop. Presoak etxera" lelopean, hainbat mobilizazio izango da eskualdean. Espainiako Auzitegi Goreneko Zigor Aretoko 15 epaileek mahai gainean dute gaur eguerditik Kepa Pikabea presoak egindako eskaera, Frantziako espetxeetan bete duen espetxe zigorra Espainian jarri dioten zigorrari kentzeko. Hori agindu zuen 2008an Europako zuzentarau batek, baina Espainiak aurten txertatu du bere ordenamendu juridikoan, euskal presoak ez kaleratzeko diseinatuta dirudien hainbat salbuespen gaineratuta. Gauzak horrela, Auzitegi Nazionaleko Lehen eta Bigarren atalek orain arte epai kontrajarriak eman dituzte zenbait helegiteri erantzunez eta gaur Pikabearen inguruko erabakia doktrina ezarri eta beste 55 euskal presorentzat aplikagarria izango da. Epaileek 14:30ean eten dute saioa eta 17:00etan dira jarraitzekoak. Sorturen aburuz, "Europatik datorren araua urratu edo ez" erabaki beharko du Auzitegi Gorenaren osoko bilkurak. Argazkian, euskal presoen aldeko mobilizazio bat Sopelan, artxiboko irudian.

Ezker abertzalearen alderdiaren arabera, Auzitegi Gorenak erabaki behar duena da "'Parot dotrina' delakoarekin bezala, ingeniaritza juridikoa erabiltzen ote duten presoei bidegabeki zigorra luzatzeko, edo ez". Sortutik azpimarratu dutenez, ezin da ahaztu "preso hauek zigorra betea" dutela eta delitu berdinagatik zigorra "bi aldiz betearazi" nahi zaiela. Era berean, Sortuk PPren gobernuaren presioak salatu ditu: "PPren gobernua prest dago Europatik datozen arauak zein Espainiako legedia bera urratzeko euskal preso politikoei ezartzen dien salbuespenezko espetxe politikari eutsi ahal izateko. Presio horrek ordea tentsioak ere sortu ditu judikatura espainiarrean, Jueces por la Democracia elkartearen salaketa adibide". Izan ere, PPren "lehentasunezko helburutzat" jo dute "salbuespenezko neurrietan oinarritzen den espetxe politikari" eustea, Rajoyk Euskal Herriak "bakearen bidean aurrera egin ez dezan" duen tresna nagusia dela iritzita. Horren adierazle gisa ikusten dute ETAk borroka armatua amaitutzat jo zuenetik hiru urte baino gehiago igaro direnean, espetxeetako egoerak "okerrera baino ez duela" egin. Horrezkero, salbuespenezko egoerak "muturrera" eramatea leporatu diote PPri, "de faktuzko biziarteko zigorra" ezartzearekin batera. Horri, "sakabanaketa, isolamendua, larriki gaixo diren pertsonak preso mantentzea eta jipoitzea..." gehitzen diote Sortuko kideek: "edozein neurri du zilegi PPk", presoak zigortzeaz gain, senideak astebururo "erruleta errusiarrera kondenatzen" dituena.

Horren aurka, Sortuk deitu du euskal preso politikoen eskubideen aldeko borroka indartu, presoen eskubideen errespetuaren alde jardun, eta espetxe politika "kriminalaren" aurka egitera, "bakearen eta konponbidearen alde jardutea delako eta noski, bake agertoki bat ezingo delako finkatu preso bakar bat espetxean dagoen bitartean".

Deialdiak

•Algorta: 19:30 Telletxe plazan.
• Berango. 20:00tan. Sabino Aranan.
• Erandio. 20:00tan. Metroan.
• Gorliz. 19:00tan. Txoko Etxen.
• Itzulbatzeta / Romo: 19:00 Xake plazan.
• Leioa. 20:00tan. Boulevard-en.
• Plentzia. 20:30. Piruli plazatxoan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun