Josu Muguruza Bilboko Errekaldeberri auzoan jaio zen. Deustuko Unibertsitatean Pedagogia ikasten hasi ondoren, ikasketak hasi eta EHUn kazetaritza ikasi zuen. Ordurako euskara ikasia zuen eta ASKko militantea zen. 1981ean, poliziak bere neskalaguna zen Elena Bartolome atxilotu ondoren Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen. Erbestean egondako denboran AEKko irakasle izan zen Baionan. Horrez gain, Gure Irratian poesiari buruzko programa bat zuzendu zuen eta Egin egunkariko korrespontsala izan zen. 1984ean Errefuxiatuen Komiteko antolatzaileetako bat zen GALaren urterik odoltsuenetan. "Egin" egunkarian astero zutabe bat idazten hasi zen, "Zihordia" ezizena erabilita.
Ipar Euskal Herrian sei urtez bizi izan eta gero, 1987ean Frantziako poliziak atxilotu eta Espainiara eraman zuten. Donostia eta Madrilgo kartzeletan egon eta gero, hilabete gutxiren buruan libre utzi zuten. Euskal Herrira itzulitakoan, Herri Batasuneko mahai nazionalean parte hartu zuen. Horrez gain, "Egin" egunkarian lanean hasi zen berriz ere, politikako ataleko kronikak idazten "Iratzar" ezizenarekin. Aljerreko hizketaldietako prestaketan jardun zuenetako bat izan zen. 1984ko azaroan Tasio Erkizia ordezkatu zuen Madrilgo gorteetan Herri Batasuneko diputatu moduan.