Aipatu udal ikerketa batzordean, Arruebarrena, "behin ez, birritan" azalpenak emateari uko egin diola azpimarratu zuen hereneguneko prentsaurrekoan Ruizek. Bizkaiko PPren idazkari orokorraren arabera, "Metroko kotxe-tokietan ezkutatuta" dago Leioako alkate ohia. Pinosoloko kiroldegiaren "mamuari" dagokionez, "1.800.000 euroko kostua" izan duela gaineratu zuen, lizitazio aurrekontuari begira Torresoloko igerilekuak "1.400.000 euroko gainkostua" izan duten bitartean.
Ez dute salaketa kenduko
Iñigo Urkullu EAEko lehendakariari zein Itxaso Atutxa Bizkaiko EAJren presidenteari "histrionismoa eta itxurakeriak alde batera uztea" eskatu zien Ruizek, "herri honetan EAJk ere kontuak eman behar dituelako kontrol organoetan". Hori horrela, PPren ordezkariaren ustez, "bere Gobernuak onartu zuen Kodigo Etikoa baino ez luke aplikatu behar" lehendakariak; eta Arruebarrenaren kargugabetzea sustatu.
Ildo berean, Metro Bilbaoren zuzendariaren kontra Pinosolo auziagatik Fiskaltzan aurkeztutako salaketa kentzeko "inolako asmorik ez" dutela ziurtatu zuen Bizkaiko PPren idazkari orokorrak: "ez gaude inoren irregulartasunak estaltzeko. Oinarria badago ikerketa sakona egiteko eta ikusiko da gero erantzukizun penalak ere egon daitezkeen", esan zuen.
Jeltzaleekiko harremanen hausturari dagokionez, "EAJrekin elkarrizketan aritzeko inolako arazorik ez" duela adierazi zuen Ruizek. Gaineratu zuenez, "lehenengo momentutik esan nuen" 2015eko Bizkaiko aurrekontuetarako lortutako hitzarmena "indarrean jarraitzen zuela", "Atutxak mehatxu egin arren".