Gazte Danbadaren haritik kartzela zigorra eskatu dute Mikel Moreno algortarrarentzat

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abe. 18a, 20:57

Fiskaltzak eta AVTk 18 hilabeteko espetxe zigorra eskatu dute Periko Solabarria 84 urteko ezker abertzaleko militante historikoa eta Iraitz Salegi Topatu.info agerkariko kazetariaretzat. Ernai gazte antolakundeko zazpi kideri, berriz, bi urtekoa, tartean Mikel Moreno algortarra dela. Gazte Danbadan "terrorismoa goratzea" leporatzen zaie guztiei, 2013ko martxoaren 30ean espetxean gertatutako Xabier Lopez Peña preso politikoaren heriotzaren harira. Oraingoan, baina, Ernairen webgunean Lopez Peña goraipatu izana ez da aipatzen, Morenok berak UKBERRI.NETi adierazi dionez. Gogoratu, hasiera batean, Aitor Ortuondo Ekostat Informatica SL Gorlizko enpresako langilea galdekatzea agindu zuela Velascok. Baina, azkenean, magistratuak atzera egin eta onartu zuen Ortuondo ez zuela ardurarik izan Ernai gazte antolakundearen webgunean eta, beraz, "terrorismoa goratze" delitua leporatzeari utzi zion. Epaiketa noiz hasiko zain daude orain besteak. Argazkian, Gazte Danbadaren ekitaldi nagusia Urduñan / cc-by-sa Ernai.

2013ko martxoaren 29tik apirilaren 1era bitartean Gazte Danbada jaialdia ospatu zen Urduñan. Bertan, espetxean hildako Xabier Lopez Peña preso politikoa izan zuten gogoan. Ondorioz, lehenik eta behin, urte horretako uztaila hasieran, Gazte Danbadaren antolaketan parte hartutako hainbat lagun deitu zituzten etxetik gertuen zeukaten epaitegira deklaratzera: Gotzon Elizburu, Irati Sienra eta Mikel Button Ernairen bozeramaileak ziren horien artean; baita Mikel Moreno ere. Algortarraren kasuan, Getxoko Justizia Jauregian agertu behar izan zuen.

Hilabete eta erdira, Gazte Danbadako ekitaldi politiko nagusian hitza hartu zuten lagunak gehitu zituzten zerrendara. Horregatik, Periko Solabarria Madrilera deitu izana. 84 urteko ezker abertzaleko militante historikoaz gain, Ernaiko Maialen Etxeberriak, Aitor Andak zein Garazi Mugertzak aurkeztu behar izan zuten Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epailearen aurrean, 2013ko irailaren 18an. Baita aurretik jo-puntuan jarritako Elizburuk, Sienrak eta Buttonek ere.

Ondoren helduko zen hirugarren eta azken "makilakada". 2013ko urriaren 7an Topatu.info gazte proiektu komunikatiboko hiru kide deklaratzera deitu zituen Velascok, Gazte Danbadako ekitaldi politikoaz informatzeagatik. Bada, horren haritik, Iraitz Salegi kazetaria ere inputatu du magistratuak.

"Hiru txandatan etorri zitzaizkigun eta guztietatik auziperatu nahi zituztenak aukeratu dituzte orain", laburbildu du Mikel Moreno algortarrak. Orain bizpahiru aste auzia epaiketarako bidea hartuko zuela ezagutu ostean, gaur jakin dituzte Fiskaltza eta AVTren zigor eskaerak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun