Bizkaiko Bertsozale Elkarteak erabaki du ohore hori Mardarasi eskaintzea, 1982an antzinatik desagerrarazita zegoen emakumeen ahotsa berriz plazara bueltatzeagatik eta beste askori bidea zabaltzeagatik, jostorratzak etxetik kalera dantzan jarriz. Horrekin batera, bertsogintzan egindako lan isila ere eskertu nahi diote. Irabazlearentzat ere ohore handia izango da Mardarasen eskutik txapela jasotzea. Gai emaile beharretan, berriz, Zuriñe Iarritu eta Maite Berriozabal ariko dira. Bilbao Arenako ateak 16:00etan irekiko dituzte. Halere, ondiño sarrerarik ez duenak lasterrago ibili beharko da salmenta leihatila 14:00etan zabaldu baitute. Hurbiltzerik ez duenak, "Hitzetik Hortzera"-tik ikusi ahal izango du zuzenean, 18:00etatik aurrera.
Finalisten sentsazioak puntu motzean
• Fredi Paya: "Kantuak dioen bezala, 'Kolpe kolpe kolpeka josi ta josi'; hori da zapatuan egiten ahaleginduko naizena".
• Jone Uria: "Gogoz etorri naiz, finaletan beti lasaiago sentitu naiz finalaurrekoetan baino eta hori lortzen ahaleginduko gara".
• Etxahun Lekue: "Saio on bat egiteko gogoz nago, gorputzaldi onagaz nator".
• Oihana Bartra: "Gogoz eta pozez nago; urte askotan egon naiz finalaren ateetan eta finalean egoteaz pozez nago; hori transmititu gura dut".
• Arkaitz Estiballes: "Nire helburuetako bat buruz burukora pasatzea da".
• Iratxe Ibarra: "Gorputzaldi onagaz nator; finalaurrekoan erraz etortzen ziren ideiak, eta finalean horrela etortzeko ahalegina egingo dugu".
• Onintza Enbeita: "Orain dela urte bi baino ilusio handiagoz nator".
• Xabat Galletebeita: "Gogotsu eta pozik noa finalera; niretzako sari bat da hemen egotea eta saiatuko naiz ondo pasatzen eta pasarazten"
Antolatzaileen oharrak
• Nola heldu:
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak finalera garraio publikoan joateko gomendioa luzatu nahi du.
Bilbao Arenara heltzeko, Bilbora heltzeko garraio publikoak eskaintzen dituen ohiko bideak erabili behar dira. Ostean, Bilboko Metroan Zazpi Kaleetako geltokian jaitsi, eta Unamunoko atetik irten behar da. Handik Miribillara oinez hamar minutu-ordu laurden daude.
• Ateen irekiera:
Bilbao Arenako ateak 16:00etan zabalduko dira. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak sasoiz joateko gomendioa eman gura die bertsozaleei, jende asko batuko garelako eta azken orduan trabarik ez egoteko.
• Bestelako oharrak:
Bilbao Arena aretoan ezin da erre
Segurtasun arazoak ekiditeko, aretora ezin da latarik sartu, ezta kristalezko edukiontzirik ere. Plastikozko botilei tapoia kenduko zaie.
• Jartzerakoan, ohar bi:
Eskaileretan ezin da jarri
Aulkien artean ez utzi hutsunerik
Emergentzia kasuren bat balego, antolatzaileek emandako oharrei kasu egin
Leku txikian jende asko elkartuko gara. Bertsolariek mugimendu guztiak sumatzen dituzte oholtzatik; horregatik, mugitu behar izanez gero, itxaron bertsoaldia amaitu arte.