Fredi Payak irabazi du Bizkaiko txapela

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abe. 21a, 01:56

Zaleak ez ezik epaileak ere konbentzituta, zazpigarrenean eskuratu du Fredi Payak Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapela, Bilboko Miribilla auzoko Bilbo Arenan, 901 puntu metatuta. Atzean, Arkaitz Estiballes (874,5) orain arteko txapelduna buruz burukoraino eutsi dio, eta bien ostean Etxahun Lekue (512), Oihana Bartra (482,5), Jone Uria (482), Onintza Enbeita (479), Iratxe Ibarra (478) eta Xabat Galletebeitia (452) sailkatu dira. Jone Uriak bertsolarien gazteenaren saria jaso du. Kontrako bidetik, Iratxe Ibarrak lehen agurrean iragarri du txapelketak utziko dituela, 40 urteak beteta, nahiz eta plazan abesten jarraituko duen. Finala inoiz egon den jendetsuena izan da, 4.350 bertsozale epelean batu direla, Oihana Bartraren eta, batez ere Xabat Galletebeitiaren hintxada horiaren animazioak lagunduta. Kristina Mardarasek jantzi dio txapela Payari, zutik jarri diren zaleen txaloen eta "Fredi, Fredi" oihuen artean. Aita zenari dedikatu dio berak: "euskaraz eskaintzen dizut / gure artean ez bezela / itsas gizonen zeruan ziur / ikasiko zenuela". Fredik, larru edo urre beltzaren pistan, saio osoan zehar bertsokera mimatu egin du hasieratik bukaeraraino, kartzelatik kartzelara. Argazkian, ezkerretik eskumara, Mari Karmen Ruiz, Fredi, Xabi eta Itsaso bertsolarien ama, Fredi Paya Ruiz, Kontxi laguna eta Xabi Paya Ruiz txapeldun ohia.

Izan ere, agurrean "ta gaur zazpigarren aldiz / borrokara burugogor / irabazi ala galdu / arima ematera nator" agindu ostean, saio puntuagarria Xabat Galletebeitiarekin egindako ofizioarekin hasi du bera espetxeko gatibu izanda. Umea Aitor Cotano preso algortarra dagoen Puerto III. kartzelara ez eramateko eskatu dio lekittarrari: "ta ez ekarri gure Leiretxo / Puerto IIIko infernura / e'nuke gehien maite dudana / arriskuan jarri gura". Azken agurrean, Lexuri eta Orkatz Gallastegi zein Manex Zubiaga eskualdeko presoei eskatu die barkamena, kartzela bertsotan aipatzearren eta, baita ere, besteak beste, bera bezala aita galdu duen Arkaitz Estiballesi heriotza bera kartzelako bertsoaldira ekartzeagatik, finalean jositako bertsorik landuena. Bitartean umoretik asko eman dute bart izandako saioan zortzi bertsolariek eta baleko langa espero baino maizago gainditu dute.

Kartzelako gaia

Buruz burukora bigarren legez sartu eta horko proba guztietan aurretik joan bada ere, Payak kartzelako ariketan ahoa bete hortz utzi ditu entzuleak, "Eskua emon deutsazu" gaiatik albaindutako mataza bertsoz bertso josi egin duela, hiru bertsoren azken punturaino itxaron duela azken puntada eman eta gurutze-puntuz landutako irudia erakusteko. Tartean, jakina, lagun arteko hainbat txiste harilkatu ditu, Gibelurdiñek bere musika taldeari eskainitakoa bezala.

Lehenengo bertsoan, artez bota du: "Poteoan edan baitut / Atlantiko ozeanoa / urdindu da zirrotiko / nire gibel tiranoa. / Gibel berri bat behar dut / organo gazte sanoa / pertsona lasai batena / kirolari abstemioa / belar jale yogalari / mistiko monogamoa / beti entzuten duena / musika gregorianoa. / Beldur bat dut nirekin / eta azaltzera noa: / lehenago heldu leikela / elizako organoa".

Bigarrenean, ildo beretik jo du, dramaren atarian jarrita: "Norbait behar dut, tik-tak / erlojuen sarkasmoa / itxaron zerrenda ikusi / ta Arkaitzen espasmoa / geroa bezain urruti / daukate kirofanoa / ta apurka itzaliz doa / nire gibel dinamoa / jada alokatu behar dut / hileta poligonoa / harrizko mauselo ta / denentzako solomoa. / Emailerik ez badator / ta ordaindu barik banoa / nire patez pagaizue nire hilkutxako ebanoa".

Suspensea, baina, azken bertsoan apurtu du: Ta hiltzen ari naiz ari / hau denboraren morrontza / lehen auto istripuak ziren / alkohola eta izotza / orain oso gutxi daude / azpimarratzeak lotsa / txikia da emaileen ta / organo libreen poltsa / baten batek atetik dator / (...) / Aupa heriotz, zelan zabilz / hau nire gela motza. / Aurkari ona izan zara / eman eskua, heriotza".

Fredi Payaren txapeldun izendapena eta azken agurra (© EITB)



Jone lapurra

Zortziko txikian, Iratxe "amama" Ibarrari eta Jone Uriari, finaleko bertsolaririk gazteena, egokitu zaie elkarrekin ofizioa. Jone, lanbidez lapurra, etxe batean sartu eta Iratxe topatu du, kutxa gotorra zabaldu ezinik. Horrela mintzatu zaio Uria Ibarrari: "Munduan lapur jaioz / zaigu antza bete / pelikulak ikusi ditut / nik dezente: / belarria ondoan / jarrizazu tente / antza, soinuarekin / asmatu daiteke". Iratxek gaizki hartu du aholkua: "Nire kontuetan zu / ez sartu, mesedez. / Kutxa zabalduko da / ta gainera berez / (...) / bitartean kafe bat / hartzera joan zaitez". Ondo jositako elkarrizketari jarraipena eman dio Jone Uriak: "esperta omen zara / ta zer panorama. / Bale, kafea ekarri / behar dizut laztana / baina gero guztia / biok erdibana", eta hurrengoan, umore printza eman: "Bale lan zikina nik / eingo dut horrela / gaur Etxahun Lekueren / etxean gaudela".

Uria ez da ibili gaur arte emandako nibelean, baina bakarreko gai txukuna utzi du bitartean, Zornotzan egin bezala, Nino Rotak "The Godfather" filmarako konposatutako melodia bere eginda. Berriro maitemindu den alargunaren rolean jarrita, bi bertso hauek bota ditu, bigarrena lehena baino hobea:

"Orain sei urte ibili ginen / penatan eta trantzean / ez da erreza ta minbizi bat / eramatea etxean / joan zen eta mina sentitzen / nuen bera oroitzean / terapiara joaten hasi / nintzen lantzean lantzean / eta alaitu ondoan neukan / Mikel bat ezagutzean / e naiz penatan itotzen beraz / berarekin bakoitzean / bera gogoan daukadalako / eta Mikel bihotzean"

"Gure penetaz ta gure minez / ordutan ohi gara mintza / Mikelek badu beraz nireaz / jakin mina ta jakintza / nahiz iragana eduki nuen / gogorra eta bortitza / eguneroko bizitza orain / e zait egiten hain hitsa / 16 urte bagenitu lez / maiteminduta gabiltza / nahiz eta ez nuen hala usteko / hala egiten dut hitza / lehen ez nuen esango baina / zein ederra da bizitza".

Finala iruditan

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun