Pinosoloko ustelkeria auzia Legebiltzarretik kanpo nahi omen dute EAJk eta PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abe. 22a, 18:16
Igor Lopez de Munain EH Bilduren legebiltzarkideak Gasteizen gaur salatu duenez, “EAJk eta PPk elkarri eskua emanda jarduten dute ustelkeria politikoa ikertzeko saiakerak oztopatzeko, eta kasu horiek izan ditzaketen ondorioak arintzeko”. "Pinosoloko ustelkeria politikoaren arduradun nagusi" Jon Loizaga Leioako Kirol zinegotzi ohiaren agerraldia beraien botoak batuz atzera bota nahi omen dute bi alderdiek. Legebiltzarreko Mahaiak (ganberako jarduna kudeatzen duen organoa) Pinosoloz koalizio independentistak aurkeztu duen agerraldi eskaera oztopatzeko erabakiaren berri izan duenean egin du salaketa Lopez de Munainek. Hori ez dator bat popularrek orain arte emandako pausuekin. Egun Metro Bilbaoren zuzendari Eneko Arruebarrena Leioako alkate ohiaren kargugabetzea Eusko Legebiltzarrean, Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Bilbo, Santurtzi zein Getxoko udaletan eskatuko zutela iragarri zuen joan den astean Bizkaiko PPk. Baita Loizaga eta Arruebarrena EAJren udal ordezkari leioaztar ohien kontra Fiskaltzan aurkeztutako salaketa "kentzeko asmorik ez" zutela adierazi ere. EH Bildukoen iritziz, ordea, gaurkoa “saiakera nabarmena da, gaia Gasteizko Legebiltzarretik ateratzeko eta Pinosolon egon den ustelkeria politikoaren nondik norakoak ez jendarteratzeko”. Argazkian, Torresoloko igerilekuak "1.400.000 euroko gainkostua" izan dute, PPren arabera / © Leioako Udala.
Pinosoloko proiektuari buruzko ikerketa batzordeak “ustelkeria zantzu garbiak" azaleratu zituen azaroan. Eneko Arruebarrena alkate ohia eta Jon Loizaga Kirol zinegotzi ohia —biak ala biak EAJkoak— lotzen ditu izan diren irregulartasunekin. Hori horrela, Leioako kiroldegi berriko "harri bat ere jarri gabe leioaztar guztiei 3,5 euroko galera ekartzea" egotzi zion joan den astean Bizkaiko PPk Arruebarrenari. Hala ere, popularren laguntzaz, Legebiltzarreko Mahaian erabaki dute jelkideek Loizagaren agerraldia tramitaziora ez onartzea.

EH Bilduren agerraldi eskaera berriro eztabaidatuko dute Gasteizen egingo den Ingurumen eta Lurralde Politika batzordean, abenduaren 29an. Talde bakoitzak aldeko edo kontrako iritzia emango du, eta argudioak mahai gainean jarriko ditu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun