Plentziako EAJren udal taldeak argi utzi nahi izan du ez duela "inola ere" babesten Andre Maria hilerria Saratxagara eramatea. Baieztapen horren bidez, jelkide plentziarrek "gezurtatu" nahi izan dute iragan azaroaren 30ean komunikabide batean (ez dute zein zen esan) argitaratu zen informazioa. "Gu ez gaude hilerria beste toki batera eramatearekin ados, eraikuntza ezberdinek, hau da, panteoi eta hobiek kalte konponezinak izateko arriskuan egongo liratekeelako leku aldaketak egiterako orduan. Halaber, inguru horrek balore handia du plentziarrentzat. Bai babesten duguna da espazio zabalagoa beharrezko jotzen baldin bada, hori Saratxaga auzoan egitea", azaldu dute EAJkoek. Bestalde, Udal Gobernu Taldeari eskatu diote, ahal bezain arinen gauzatzea Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin behar den hitzarmena, Plentziako metro geltoki inguruan aparkalekua egin ahal izateko. Jelkide plentziarren hitzetan, hitzarmen berean sartuko litzateke Urdulizen trenbidea lurperatzeko lanak hasten direnean martxan jarriko den autobus zerbitzuaren kokapena. Tokiko EAJk emandako ideien artean, "aparkalekuko zati bat uztea badago autobusek sartzeko eta irteteko maniobrak egin ditzaten". Argazkian, Javier Artaza Ibargurengoitia da EAJren burua Isabel Zarauza Norato independentea buru den Plentziako Udalean.