Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak eraikineko barrualdeko egituran jarri nahi izan zuen enfasia ostegunean; “bere bihotzean, bere zainetan, bere giharretan, mota hauetako eraikinek funtzionatzeko behar dituztenak baitira, eta bi urte baino gehiago lanean daramagun guzti horretatik dator ekipamenduaren balio-aniztasuna, eta horrek egiten du giroa edozein erako jarduerara egokitu dadin”.
Konplexua, Arregiren esanetan, bere izenak hasiera batean adierazten duena baino askoz harago doana da: “aisialdi, kultura eta arteentzako zentroa, are gehiago, jarduera ekonomikoarentzat. Eta bere ahalmenik handiena bere balio-aniztasuna dena. Edozein eratako jarduera bermatuko duen eta ahalbidetu behar duen ekipamendua da”. Algorta auzoko herrigunean altxatzen ari diren eraikina, bere espazio nagusia “Bizkaiko txukunena izango dena”, bi zentroren artean egon nahi du, “erakusketa eta kultur-jardueretarako zentro gisa, Euskalduna jauregiaren, eta oro har hiritar guztientzako aisialdi zentro gisa, Alondegiaren artean”, esan zuen Hirigintza zinegotziak.
Soinu-diseinua
Halaber, barrualdean egiten ari diren lanei dagokienez, bereziki erreparatu omen zaio soinu-girotzea eta isolamenduaren diseinuari, erakusketa-geletan zein Musika Eskolako ikasgeletan. Eta horretarako "profesional ospetsuen" laguntza jaso da. Diseinu honek ekipamenduaren zati horri entzute-maila apartaz hornituko du, era askotako ekitaldi eta ikuskizunak egitea bermatuz.
Konplexu osoa amaituta, non Musika Eskola asmo handi honen proiektu kulturalaren zati bat osatzen duen, irakaskuntzakoei erakustaldi-guneak gehituko zaizkie, eta modu horretan, eraikitako 18.000 metro koadroen barruan honako gune hauek ere izango dira: 800 ikuslerentzako areto nagusia, erabilera anitzeko aretoa harmaila higikorrarekin, entzunaretoa musikarentzat berezia, hitzaldi-prentsa aretoa eta funtzio anitzeko foyerrak, hainbat eratako gertakizun, erakusketa, azoka, eta abar egiteko.
Eraikineko beheko solairuan hall bat egokituko da, hortik goiko bi solairuetara eta sotoko bi mailatara sartzeko. Gune horietan atonduko dira hamahiru instrumentu-gela, hiru talde-gela, entsegu-gela bat, lau estudio-kabina, irakasle-gela bat, administrazio-arlo bat bi bulegorekin eta batzar-areto bat. “500 ikasle inguruk ikasiko dute Algortako Musika Eskolan, musikaren irakaskuntza musika-interpretazioarekin, antzerkiarekin, dantzarekin... batuko den esparrua izango delarik. Horrez gainera, Musika Eskolaren eskaintza indartuko du, elkarteen entseguetarako lokal egokiak edukiko baititu”, aipatu zuen Hirigintza zinegotziak.
Urbanizazio lanak
Era berean, lan horiekin batera inguruaren urbanizazio fasea gauzatzen ari da eta zoladura-lanak egiten ari dira. 4.000 metro koadroko azalera dauka urbanizatzen ari den inguruak, eta barruan hartzen ditu San Nikolas plaza eta elizaren eta kultur ekipamendu berriaren inguruneak ere.
Udal iturriek diotenez, Getxo Antzokia-Musika Eskola ekipamenduko lanetatik likidatutako kopurua 20,25 milioi eurokoa da eta lizitazio-fasean daude beste 13,5 milioi euro. Proiektua zarratzeko eta lizitatzeko bi fase gelditzen dira: sestra gaineko akabera eta antzezte- eta musika-ekipamendua.