Droga-trafikoa egotzita atxilotua Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abe. 29a, 20:40

Ertzaintzak 38 urteko gizon bat atxilotu zuen ostegunean, Sopelan, osasun publikoaren kontrako delitua egin izana egotzita. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera, etxebizitza bateko eta txoko bateko miaketetan, kilo eta erdi speed, marihuana eta haxixa aurkitu zituzten. Gainera, legez kanpoko arma elektriko bat eta sei mila euro konfiskatu ei zizkioten gizonezkoari. Operazioa ostegunean izan zen, goizeko bederatziak inguru. Izan ere, Ertzaintzari jakinarazi zioten gizon batek drogarekin trafikatzen zuela etxean eta txoko batean. Ertzainek bi lekuak miatu zituzten, jabearen baimenaz. Etxeko izozkailuan, gutxi gorabehera kilogramo bat speed zuen poltsa bat aurkitu zuten. Beste gela batzuetan, marihuana eta haxixa aurkitu zituzten. Susmagarria txokoan aurkitu zuten eta osasun publikoaren aurkako delitu batengatik atxilotu zuten. Txokoan, gainera, beste kilo erdi speed, sei mila euro inguru eta legez kanpoko arma elektriko bat aurkitu zituzten. Argazkian, Ertzaintzak aurkitutakoak aurreko operazio batean / © Segurtasun Saila.

Dirudienez, atxilotuak gordeta zuen droga kantitate txikitan saltzen zien eskualdeko kontsumitzaileei. "Deia" egunkariaren arabera, atxilotua espetxera eraman zuten, epailearen aurretik pasa ostean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun