Krisialdiak gizarte laguntzen beharra handitu du Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abe. 30a, 00:44

Getxoko Udalak 826.560 euro banatu behar izan ditu aurten Gizarte Larrialdiko Laguntzetan (GLL), iaz baino ia hamarren bat gehiago, %9,14. Udalak berak zabaldu duenez, udalerriko behartsuenak larrialditik atera eta bizi baldintza duinak izatea xede duten funtsak 593 familiaren artean banatu dituzte (bataz beste, urteko, 1.393,86 euro besterik ez), 949 espedienteen bidez. Prestazio horien dirua jartzea Eusko Jaurlaritzaren ardura bada ere, Getxok laguntzen %28,14 (232.560 euro) ordaindu behar izan du, "eskaera guztiei erantzuna eman ahal izateko". Izan ere, Lakuatik 594.000 euro besterik ez dute bideratu Uribe Kostako udalerririk populatuenarentzat. Udal Gizarte Zerbitzuek laguntzak bideratu, gestionatu eta ordainketak gauzatzeaz arduratu dira. Azken urteotan GLLak emateko zuzendutako diru kopurua areagotu da. 2013an, guztira 757.113 euro banatu ziren, haietatik 196.711 udal kutxatik. 2011n, berriz, 679.560 euroz erantzun zieten 459 eskaerei. Ja orduan, Udalak 173.640 euro inbertitu behar izan zituen pobreziaren hainbat egoerari aurre egiteko. Argazkian, Imanol Landa alkatea eta Elena Coria zinegotzia 2012ko martxoan, PSE-EEk gidatutako Jaurlaritzak beharrak estaltzen ez zituela azpimarratzen / © Getxoko Udala.

Getxoko udal iturriek gogoratu dutenez, "aldizkakoak ez diren laguntza hauek gastu arrunt eta ezohikoei aurre egiteko baliabide nahikorik ez duten pertsonentzat, gizarte-bazterkeriako egoerak prebenitzeko edo saihesteko" dira. Aurreko urteotan bezala, udalerrian banatutako zenbatekoaren %46 mantentze gastuetarako zuzendu da, %30a alokatze eta ostaturako izan da, %17a lehen mailako beharretarako, %4 konponketak egiteko eta %2 soilik altzariak eta etxe tresna elektrikoak erosteko. Portzentajeak aurreko urteotakoen antzekoak dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun