Aitortu behar dut, irratian entzun izan ez banu, ez nukeen jakingo gaur Irratiaren Eguna zenik. Bada, ordea. Ez dakit Unescoren erabakia zuzena den ala ez; beste egun batzuk baitziren aukeran: Orson Welles-en "The War of the Worlds" saioak Estatu Batuak izutu zituen urriaren 30a edo Titanic hondoratzen ari zela irratiaren bidez lehenengo SOS mezua bidali zen apirilaren 14a. Espainiar estatuan, aldiz, azaroaren 14an ospatzen da Irratiaren Eguna, egun horretan "EAJ 1 Radio Barcelona" jaio baitzen...
Egia esan, berdin zait, eta prest nago horietan guztietan ospatzen, irratiak oso leku berezia baitu nire bizitzan zein curriculum-ean. Aitortzen dut, berarekin esnatu eta ia egun osoa ematen dut. Irratiak laguntzen nau gosaltzen dudan bitartean, autoan eta futboleko arratsaldeetan, etxeko transistorerik, ordenagailutik edo telefonotik... Munduaren berri emateaz gain, pertsona arrunten zein iritzi-sortzaileen hitzak ekartzen dizkit eta, batzuetan, gustuko dudan musika... Eta,bereziki, laguntzen nau.
Baina, zoritxarrez, dialean gora eta behera, gero eta zailago egiten zait euskarazko kateak topatzea. Erdara da nagusi. Izan Madrilgo kateak izan Euskal Herritik emititzen dutenak, euskarazko saiorik ez. Bizkaiari dagokionez, EITB taldeko kate euskaldunak zein Bizkaia Irratiaz aparte, irrati komunitarioek, hirugarren sektorekoek, soilik hitz egiten dute euskaraz. Udal irratiek, berriz, elebidun moduan aurkeztu arren, ia ez dute euskara erabiltzen, legeak agintzen dienari jaramon egin gabe... Horregatik behar ditugu euskarazko irratiak, eta euskarazko irratsaioak Euskal Herrian emititzen duten kate guztietan. Eta hori lortzen da ausardiaz jokatuta, eta –Catalunyan egin zuten bezala– gure hizkuntzaz emititzeko derrigorrezko betekizuna jasotzen duen legea eginez, non gutxieneko kopuruak eta ordutegi-tarteak ezartzen diren. Era berean, ez da nahiko maiztasun berrien heren bat euskarazko emanaldietarako gordetzea (%100 emanda, ez bailitzateke diala euskaldunduko... hain handia da gaur egun desoreka), euskararen betekizuna gainerakoei eskatzen ez bazaie, bideragarritasun ekonomikoaren edo beste baldintza teknikoen pare.
Badakit, jakin, ordea, merkataritza interesek agintzen duten bitartean, euskaldunok presionatzen ez badugu eta komunikabideek gure hizkuntza hitz egin dezaten behartzen ez baditugu (adibidez, gaztelaniaz soilik iragartzen diren zerbitzuak edo produktuak ez kontsumituz) oso eroso jarraituko duela erdara hutsezko programazioak eskaintzen. Horregatik, euskarazko hedabideen alde apustua egin behar dugu Uribe Kostako euskaldunok; baita euskarazko irratiaren alde ere. Hori dela eta, Irratiaren Nazioarteko Egun honetan, itxoiten zaitudala esaten dizut, Hiruka Irratia, eta nirekin kontatzeko.