Ez dut gogoratzen euriaren soinuak baretzen ninduen garai hura; eta ez dakit ea inoiz berriro goxo-goxo ekaitzen zarraparran kulunkatuko naizen. Agian bai, baina aitortu behar dut egun euriak beldurtu egiten nauela. Ez da jendekiok dugun izu atabikoa. Izatekotan, irrazionala, baina erreala. Alerta laranja dagoen bakoitzean, ez kezkatzeko dio buruak bihotzari, honetan ere ez dela sartuko, baina, ikaratuta, arritmikoki taupaka hasten da, nire kontroletik ihes egiten. Gertukoek diote euria gogor jotzen hasten denean -Fakultatearen zapaian izugarri entzuten da- ixilik geratzen naizela (eta neu ixilaraztea kostatzen da, ez pentsa!) eta, burua etxera doalarik, ez dela ezer gertatuko errepikatzen dudala letania balitz bezala.
Azkeneangoa urtarrilaren 30ean izan zen. Larrañazubiko kontrol-estazioan nibel laranja gaindituta zegoela irakurri nuen Euskalmet-en txio batean (Udalak ez du gaurkotutako informaziorik ematen) eta etxera joan nintzen. Ibaia ikusita, ez nintzen gehiegi larritu, sabelean kirioak danztan nabaritzen nituen arren, eta halakoak gertatzen diren guztietan bezala, Trinirenean bildu ginen bajuetakoak, gure beldurrak uxatu nahian. Batzuek ezin izan zuten eta senideen etxeetara joan ziren, urak igotzen ziren ala ez begira ez egoteko.
Zorionez, berriz ere ez zen ezer gertatu. Pentsatu nahi dugu egindako obrengatik izan daitekeela; jakin badakigu, ordea, oraindik ez dugula 2008ko maiatzaren 31an gertatu bezlako euri-jasarik sufritu (eskerrak!) eta, beraz, ezin dugula ezagutu ea halakoetan zer gertatuko litzatekeen. Ezin ukatu egoera hobetu dela -herritarron presiopean egindako obrei esker-, baina ezin onartu arazoa guztiz konpondu denik. Azken Uholde Batzordean, gainera, iragarri ziguten Faduran lanak egin ostean, Gobelako proiektua geldituko dela, sine die geratu ere. Batean kale, bestean bale.
Bihar, berriz, alerta laranja iragarri dute. Gaur euriak galarazi dit loa. Etzi, aldiz, izpiluari esan nahi diot tuntuna naizela, ez zegoela kezkatzeko motiborik... Bitartean, ez naiz ohitzen.