Talde-jokua

Erabiltzailearen aurpegia Arantza Gutierrez 2015ko mar. 23a, 11:37

Unibertsitateko ikasleei rugbyari buruzko bideo bat jartzen diet talde-lanari buruz hitz egiteko. Talde-kirol horretan -bestetan bezala- norbanakoen lana ez da ezer taldearena barik. Azken lau urteotan udal politikak irakatsi dit taldean lan egitearen garrantzia, unibertsitatean ohi dugun indibidualtasunaren gainetik.

Zapatuan publiko egin genuen Maiatzaren 24ko Udal Hauteskundeetan EH Bilduk Getxon aurkeztuko dugun hautagaitza. 28 pertsonak osatzen dugu zerrenda; hori baita muga. Muga diot askoz gehiago garelako, eta ezin izan dira guztiak sartu. Baina badaude, egon. Gurea taldea da, kolore anitzekoa, gainera. Adin guztietakoak gaude zerrendan; jatorri ezberdinetakoak -batzuk oso urrutitik gureganatuak-; genero anitzekoak, kuoten haratago; auzo ezberdinetan herri-eskarmentua dugunok... Eta bakoitzak gure papera dugu. Baita zerrenda horretan ez daudenak ere, kilometrotan egon arren, talde horretako partaideak dira. Eta horrela sentitu genuen larunbatean Txiki eta Otaegi plazan egon ginenok. 

Maitanek, lau urte hauetan izan dugun kapitan bikainak, besokoa pasako dit eta harrotasunez irakatsiko dut, jakinda ez naizela inor taldeko partaidea ez banaiz, eta, dudarik gabe, talde bikaina dugu, edozein txapelketan lehiatzeko -eta irabazteko- prestua.

Aupa, ekipo!!!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun