Udalak euskaldunok baztertzen gaitu berriz ere

Erabiltzailearen aurpegia Arantza Gutierrez 2015ko api. 1a, 12:22

Punta Begoñako galeriak ikusteko bisita gidatuen % 4,6 baino ez da euskaraz burutuko. Hau da, bihartik aurrera programaturiko 65 hitzorduetako 3 soilik egin ahalko dira euskaraz, eta horietako bat ere ez dago Aste Santuko oporraldian.

Oso ideia ona iruditu zitzaidan bisitan etorriko diren lagun donostiarrak Punta Begoñako galeriak ikustera eramatea. Lehenengo eskutan lanak ikusi eta horren informazioa jasotzea interesgarria iruditzen zitzaidan; gero, itsas-paseotik jarraitu eta Portu Zaharrean pintxo batzuk hartu... Egun bateko bisita izango da haiena, eta sorpresa eman nahi nien zerbait ezberdina erakutsiz. Ustekabea, aldiz, neuk jaso dudana. Aste Santu osoan ez nuen aukera bat ere euskarazko ibilbidean apuntatzeko, eta ez guztiak beteta zirelako. Ez. Ez dago hitzordu bat ere euskaraz jaiegunetan. Haserre, begiratu nuen ea Pazkoako astean zorte hobeagorik nuen. Ez. Pazkoako astean, ere ez dago aukerarik. Aukera bakarrak; apirilaren 23an -osteguna- eta 25 eta 26an, hau da, hilaren azken asteburuan, hitzordu bana. Hau da, 62 aukera gaztelaniaz egiteko eta 3 baino ez, euskaraz. Berriz ere, nabaria da euskaldunok Udalaren partetik jasaten dugun tratua.

Baten bat saiatuko da justifikatzen esanez, turistei begira dagoela pentsatuta jarduna. Oporraldia aprobetxatu nahi dela turistei erakusteko. Udalak emandako datuen arabera (Turismo bulegoetan galdetzen dutenak soilik kontuan hartzen dira, ez hortik pasatu barik bisitan datozenak) Getxora etortzen direnen artean, %28 Bizkaitik egun pasa datozenak dira; hoietako asko euskaldunak, seguru aski. Horiei gehitu behar zaie Euskal Herriko beste lekuetatik datozenak, bereziki udaberriko oporraldi honetan, zeinetan ohikoak dira egun bakarreko txangoak edo bisitaldiak... Beraz, turista euskaldun potentzial horiek gaztelaniaz jasotzera behartuta daude, baita ez-euskaldunak ere ez baitago beste hizkuntz batean jasotzeko betarik (turistei begira izango balitz, ingelesez bederen ere eskainiko lirateke). Hau da, turistena ez da arrazoia.

Aitzakia ezin da izan ere gidari edo aditu euskaldunik ez dagoela. Hori dagoeneko ezin digute sartu. Ez horixe! Gertatutakoa izena eta izana badu: euskaldunon bazterketa. Berriz ere, eta tamalez oso ohituta gaude, euskararen aldeko adierazpen hutsalak egiten diren bitartean, Udal honetan ez dago inolako asmo sendorik euskaraz bizi nahi dugunontzako lekua uzteko, eta oztopoak baino ez dira jartzen. Amaitzeko, euskaldunok -hemengook zein bisitariok- bi aukeren artean gaude: gaztelaniazko bisitaldi batean apuntatu edo militanteki euskarari emandako apur horietako bat aukeratu -oso ordutegi txarrean bada ere-. Zoritxarrez, nire kasuan, egutegi arazoak behartzen nau lehenengora, baina euskararen aldeko militantea naizen aldetik ezin ixilik geratu. ORAINDIK BADUTE AUKERA ALDATZEKO ETA!

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun