Berdintasun Sailetatik emakumeen elkarteek egiten dituzten ekitaldiak ezagutzera ematen dizkigute. Ez da lehenengo aldiz larunbatekoa bezalako ekitaldirako gonbidapena edo heltzen zaidala... Eta askotan joateko asmoa izan dudan arren, atzera egin dut (larunbat arratsaldean libre izatea konplikatua da, ez dut inor ezagutzen, ez dakit ongi etorria izango naizen...). Martxoaren 8an, berriz, Bilgunek, Mujeres con Voz eta beste elkarte feministek Algortan antolatutako ekitaldian, ezagutzen ez nituen jatorri ezberdinetako emakumeekin zuzeneko harremanak egiteko aukera izan nuen. Oso aberasgarria iruditu zitzaidan, esperientziak partekatzeko aukera izan genuen-eta.
Martxoaren 8an egindako hurbilketa horri esker, larunbatean ez nuen dudarik izan, eta Fadurara gertutatu nintzen beste lagun batekin. Herri ezberdinetako janariak dastatzea zen aitzakia. Baina ez ginen horretara mugatu, eta dinamizatzaileek bikain nahastu gintuzten, gero batzeko eta gure gauzen inguruan hitz egiteko. Emakumeon gauzez ari ginen. Gai unibertsalak dira emakumeonak. Eta luzez aritu ginen (hala ere denbora ti-ta batean pasatu zitzaigun)...
Guri "Emakumeon arteko topaketa" esaldiari buruz hausnartzea egokitu zitzaigun, eta bertan azaldu zuten, askorentzako horiek zirela "une propioak", baita "besteak" ezagutzeko topaguneak, eta, zergatik ez "barruak hustutzeko" tarteak..., eta horren guztiaren gainetik, "elkartasuna eta beroa" sentitzeko topaketak, bereziki garrantzitsuak familia inguruan ez baduzu, edo heldu berria zarenean. Une batean galdetu zidaten ea nola sentitzen nintzen, ea gustora nengoen, edo deserosoa... Etxean bezala erantzun nien. Lagunen artean. Eta zer eramaten nuela esan behar izan nuenean, hori esan nien: izen asko. Izen bakoitzaren atzean emakume bat -Rossana, Fatou, Marian, Gaby, Zuriñe, Maria, Nora...-. Beraz, hurrengo topaketan, emakume berriak ezagutzeaz gainera, lagunak berraurkituko ditut eta solasaldia utzitako tokian berreskuratuko dugu.