Udal irratia, herri irratia

Erabiltzailearen aurpegia Arantza Gutierrez 2015ko aza. 27a, 18:51

COM Ràdio/La Xarxa Catalunyako Udal Irratien sareak aldarrikatu zuen: “udal irratia kalitatezko zerbitzu publikoa da; zeinetan hurbileko komunikazioa behar beharrezkoa baiten informazio-eskubidea bermatzeko, hiritarren parte-hartzea bultzatzeko eta aniztasun demokratikoa bideratzeko, baita hizkuntza eta kultur propioak sustatzeko eta heldu berrien integrazioa lortzeko”. Miquel Moragas adituak, bere aldetik, zioen “ez dago etorkizunik komunikaziorik gabe, eta ez dago komunikaziorik izango hurbileko hedabiderik gabe”. Getxoko udal irratia, ordea, oso urruti dago herritarrengandik, eta hedabide publiko gisa bete beharreko eginkizunetik ere.

Udalaren edo tokiko administrazioaren ondasuna diren eta hedadura-eremu lokala duten irratiak dira udal irratiak. Udalek eurek kudea ditzakete, udal sail baten ardurapean edo espresuki sorturiko erakunde autonomo baten bidez; baita kudeaketa kultur elkarte edo enpresa baten eskuetan ere utzi ahal dute. Emititzeko baimena, berriz, udalarena da eta ezin dio beste inori utzi.  Udal irratiak komunikabide publikoak diren heinean ezaugarri komun batzuk dituzte: beren estatutuetan aniztasun erlijioso, politiko, soziala eta kulturala bermatzeaz gain, giza talde guztien parte hartzeko eskubidea jaso behar dute. Era berean, informazioak zuzentzeko eskubidea espresuki azaldu behar dute, gizabanakoen eskubideen berme moduan. Horretaz gainera, umeak eta gazteak babestu beharra agertzen da estatutuetan. Era berean, komunikabidearen kontrola udal bilkuraren eskuetan utzi zuen legegileak; hots, udal-erakunde legegilean zegoen erabakitzeko ahalmena, eta ez gobernu-organoetan, aniztasun informatiboa zabaltzen eta adierazpen-askatasuna bermatzen zelakoan; 2010eko Ikus-entzunezkoaren Legearen arabera, berriz, ahalmen hau delega daiteke alkatearengan edo ordezkatzen duen pertsonan. Berezitasunei dagokienez, herritarrengandiko hurbiltasuna da azpimarratzekoa. Udala biztanleengandik gertuen dagoen instituzioa den bezalaxe, udal irratien oinarrian herriko bizitzaren susperketa egon beharko luke. Horregatik, herritarren zerbitzurako emisorak izan beharko lirateke udal irratiak, bertako taldeei eta biztanleei irekiak. Hala ere, kontrakoa gertatzen da askotan, batez ere, udalaren kudeaketa zuzena nabaria den irratietan; goitik beherako egitura batean oinarrituta, informazio instituzionala besterik ez dute eskaintzen. Hauteskunde kanpainetan baino ez baitago araututa udal taldeek izan beharreko programazio-tartea.

Uribe Kostan baditugu bi udal irrati, baita bi kudeaketa-eredu ere: Getxo Irratia, eta Uribe FM. Lehenengoa 1988an jaio zen, eta bigarrena, 1989n Gorliz Irratia izenaz. Getxo Irratia Komunikazio sailaren barruan sartuta izan da hasieratik, eta baliabide asko inbertitu dira bertan bai teknikoak zein pertsonalari dagozkionak (azken inbertsioa 2009an egin zen instalazio guztiak digitalizatzeko, 300.000 euro inguru). Gorlizkoan, berriz, lan boluntarioz hornitu da bereziki (asko dira lehenengo irrati-esperientziak hor bizi izan dituzten Fakultateko ikasleak) eta oso aurrekontu txikiari egin dio aurre eguneroko emanaldiari. Hala ere, askoz baliabide gutxirekin bada ere, Uribe FMk egunero batez beste 8 ordutako programazioa eskaintzen du; Getxo Irratiak, berriz, hiru ordu laurdeneko irratsaio bakarra. Edukietan erreparatuz, konparaketa tamalgarria da; Getxo Irratian udal erakundeek sortutako kronika tristeak baino ez, Uribe FMn, Gorlizkoa ez ezik, Uribe Kostako informazioa (Getxokoa barne) baita musika, elkarrizketak... Ahots aniztasuna dago Gorlizko udal irratian; durundi triste monokromoa, Getxokoan. Ezaugarri komuna bietan, euskararen presentzia urria.

Irratiko irakaslea eta ikertzailea naizen neurrian, irratia maite eta defendatzen dut herritarrengandik hurbilen dagoen hedabidea baita, eta —komunikazio-arduraduna zen zinegotzi batek esan zidanaren aurka— teknologia berriek ez dute irratia akatu, egoki moldatzen eta bizirik mantentzen dakien hedabidea baita. Horren lekuko dugu gurean bi urte baino lehenago errotu den Vinilo FM (horretaz beste egun batean hitz egingo dut, gaur irrati publikoak baititut hizpide). Horregatik pena eta amorruaz ikusten dut nola gure agintariek hiltzen utzi duten guztion den ondarea, hedabidea (egindako inbertsioa zaramara bota izana leporatzen zaienean, aitxakitzen dute espainiar gobernuak emandako diruaz egin zela kontuan izan barik, hor ere herritarrek, langileek, ordaindu dutela).

De facto ixilarazi dute Getxo Irratia, itxi egin barik, herri-irratia, getxoztarron irratia izateko inolako aukerarik eman gabe. Baina oraindik aukera dago, nire ustez, izan beharko lukeen herri-zerbitzua izateko. Neuk hemen ideia batzuk aipatuko ditut ikertzaile moduan ezagutzen ditudan adibideetatik abiatuta:

a) Euskalgintzatik kudeatzea. Horren adibideak bereziki topatzen ditugu Nafarroako udal irratietan. Beleixe, Esan Erran edo Irati Irratiak euskal elkarteek kudeatzen dituzte (batzuetan beste hedabide batzuekin batera). Ez da erraza izaten ari, eta gorabeherak izan dituzte irrati horiek bizirik mantentzeko, baina hor jarraitzen duten kokatuta dauden herri zein mankomunitatei zerbitzua ematen.

b) Arrasate Irratia Goienan eta Billabonako udal irratia Tolosaldeko Atarian; Gipuzkoan ere baditugu euskalgintzatik bultzaturiko komunikabide-taldeetan integratuta dauden irratiak. Gurean Hiruka dugu, Interneteko ataria eta orainkariaz gainera, astekaria ere kudeatzen duena. Zergatik ez eskaini udal irratia kudeatzeko aukera? Getxoko euskaldunok biziki eskertuko genuke, eta ziur nago euskalgintzatik edukiaz hornituko liratekeela programazio-orduak. Informazioa ere kazetaritza-irizpideez landuko luketeela ziur nago.

c) Donostiako Alza auzoan Casares Irratia dugu beste eredu ezberdin bat. Irrati-tailerra de bereziki, kazetaritza- edo ikus-entzunezko-komunikazioko ikasleei ez ezik, edozein herritarrari irekita. Gurean, tailerrak egin direnean Radio Candelarekin egin izan dira. Zergatik ez eskaini gure emisoratik? Gainera, frogatuta dago tailer hauek irratia egiten ikasteko ez ezik, aniztasuna eta bizikidetza lantzeko tresna ezin hobeak direla.

d) Beste ideia bat izan daiteke eskolei instalazioak aukera ematea, Ponte Nas Ondas bezalako egitasmoa anbiziosoegia bada, Getxo mailan sortzea; frogatuta baitago irratia oso tresna egokia dela ikasgelan, bereziki hizkuntza, ingurunearen ezagutza eta bizikidetza lantzeko...

Aukera eta eredu gehiago daude, eta horiek ere proiektu oso batean uztartu ahal dira. Edo, oraingo kudeaketa-ereduari uko egin gabe, beste formula bat bilatu, herritarrongana ireki, Getxoko aniztasun kulturala, ideologikoa, linguistikoa, islatu... irrati publikoa izatetik herri irratia izatera pasa dadin.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun