Bertan agertzen ez diren datuez mintzatu gura dut: zenbat udaltzain euskaldun dauden, zenbat pertsona artatzen diren euskaraz udal bulegoetan edo telefonoan, zein den agenteek erabiltzen duten hizkuntza herritarrekin, zenbat isun idazten diren euskaraz edo zenbat salaketa kudeatzen diren gure hizkuntzan... Hau da, ea Udaltzaingoak –erakundeak– hizkuntz eskubideak ere babesten dituen, herritarronak zein udaltzainenak beraienak ere. Memorian, ordea, ez da euskararen inguruko daturik jasotzen.
Duela hilabete batzuk salaketa bat jarri behar izan nuen; bulegoan artatu gintuen udaltzaina euskalduna zen. Euskaraz hitz egiten ari ginen, baina ohartarazi zidan salaketa gaztelaniaz idatzi behar zuela, “goitik datozen aginduak dira”. Euskaraz esaten genuena gaztelaniara itzuli eta idatzi egiten zuen, eta ados geundela esateko, alderantzizko bidea egiten zuen (gaztelaniazko testua euskaratu, alegia). Hortik atera ginen gaztelaniaz idatzitako salaketarekin, nahiz eta aseguruarekin euskaraz tramitatu genuen...
Handik aste batzuetara, lagun batek azaldu zidan nola atxilotua izateko zorian egon zen udaltzain bati euskaraz hitz egiteagatik; azkenean, ez zen ezer gertatu, beste udaltzain baten interbentzioari esker... Kasu isolatua, bai; “hábleme en cristiano” bezalako antzinako ohituretara eramaten gaituena. Ez ohikoa.
Era berean, prentsan maiz agertu da udaltzainen aldarrikapen zaharra euskara ikasteko eskubidea, gainerako udal langileek duten aukera berdinak eskatuz. Beste aldetik, Udalak berak iniziatiba batzuk –harrera ezberdinekin– abiatu ditu Udaltzaingoa getxoztarrokin euskaraz harremandu dadin.
Hala eta guztiz ere, euskarak ez du merezi aipamenik memorian.
Eta ez du aipamenik memorian, badakitelako jakin gauzak gaizki ari direla, isunak euskaraz egitea presio-neurria denean, epaitegietan euskarazko salaketarik tramitatzen ez direnean, euskaraz ari direnen jarrera mehatxu moduan jasotzen dutenak (oraindik) daudela (gutxi diren arren)...
Dena den, besteekin geratzen naiz ni: euskaraz artatzen nauten horiekin nahiz eta gero haien lana bikoiztu behar duten, euskaraz aritzeko eskubidea aldarrikatzen dutenekin, euskara ikasi nahi dutenekin, euskaldunokin euskaraz hitz egiten dutenekin, herritarron zerbitzuan sinesten duten horiekin guztiekin...
Horretan ere, beste arlo askotan bezalaxe (Getxo Kirolak-en esaterako) badago bide luzea egiteko. Administrazioa euskaraz, baita Getxoko Udaletxean ere!!!