Tesalonikan ez zen bidaia amaitu

Erabiltzailearen aurpegia Arantza Gutierrez 2016ko uzt. 31a, 23:51

Uztailaren 15etik 25era 120 euskal herritarrok, horietako bost Getxokoak, Greziarako karabanan parte hartu genuen Europako politika migratzaileak salatu, pertsona errefuxiatuekiko elkartasuna adierazi eta emakume errefuxiatuek jasaten duten indarkeria bikoitza ikusgai jartzea helburu zuen bidai batean. Hamar mila baino kilometro gehiago egin genituen autobusez Tesalonikan helmuga baino hasiaerapuntua izan zuen bidai berezi batean...

Uztailaren 15etik 25era 120 euskal herritarrok  —horietako 5, Getxokoak— parte hartu dugu Greziarako Karabana: Mugak Zabalduz bidaian. Bilbotik atera ginen autobus bat eta bi furgoneta, eta beste autobus bat gehitu zitzaigun Gasteiz eta Iruñeko jendearekin. Iruñean, gainera, Joseba Asiron alkateak harrera egin zigun, izan ere, Nafarrako hiriburua babes-hiria da eta. Hurrengo geldigunea Bartzelonan izan zen, beste babes-hirian, non Estatutik etorritako beste hiru autobusekin bat egin genuen. Katalunyar hiriburuan, Ada Colau alkateak karabanarekin bat egin zuela esan zigun, emakume errefuxiatuek jasaten duten indarkeria bikoitza protagonista izan zen ekitaldi politiko batean. Bartzelonan, gainera, Poble Nou disktritoko auzotarren elkartasuna eta beroa sentitu genituen. Lo egiteko lekua, gosaria eta bidaiarako probisioak eman zizkiguten (bidai osoan, oso leku berezia hartuko zuten bertako baserritarrek emandako barazkiek, eta, bereziki, meloiek). 260 pertsonak osatzen genuen karabana abiatu zen orduan Tesalonikara. Helburu bikoitza genuen: Europar Batasunak duen migrazio-politiken salaketa eta mugak zabaltzeko eskatzea, eta emakume errefuxiatuek jasaten duten  indarkeria matxista agerian uztea, ikusgai jartzea.

Gure helburua ez da humanitarioa izan, laguntza eramatekoa —hori ere zilegia eta beharrezkoa bada ere—; ez gaude gobernuek eta komunikabideek aurkeztu nahi duten “tragedia humanitario baten aurrean”, baizik era erantzuleak, arduradunak, dituen politika batek —kapitalismo eta patriarkatuaren oinarrian dagoena— eragindako egoera baten aurrean. Eta  hori salatu nahi izan dugu Europan zehar, eta, bereziki, une honetan erdigunean jarritako estatuan, Grezian, ere.  Baina ibilbide honetan ez dugu inoiz ahaztu, ez dela herri horretakoa dagoen muga bakarra, Europak itxita duen bide soila, eta gogoan izan dugu hurbilago dugun Hegoaldeko muga ere.

Salaketa horretan bat egin dugu Europako beste erakunde eta talde ezberdinekin. Bartzelonatik Milanera joan ginen, eta hor ere pertsona errefuxiatu eta migratzaileekin solidarioak direnekin bat egin genuen, eta Mare Nostrum deituriko Mediterraneo gero eta gehiago Mare Mortum bihurtzen ari dela. Hor ere ezagutu genuen Rimaflow autogestionaturiko gunea, gau bateko ostatua izan genuena.

Autobus eta ferry orduak ere kide batek “Itakarako bidaia” izendatutakoaren parte garrantzitsu izan dira. Beste iniziatibak ezagutu, Europak dituen interesak eta aurrera daramatzan politika baztertzaileak aztertu eta elkartasun-harremanak josteko aukera izan dugu, hitzaldi, pelikula, bertso edo kanten bidez. Esperientzia eta kultura politiko ezberdinetako pertsonak ginen bilduta, askok 50 urteak gaindituta eta beste batzuk, gazteak, baina guztiak aldarrikapen eta amorru berbera lotuta. Behar bat ere bagenuen: ozen eta argi esan nahi genuen guk ez dugula gure gobernuek —Gasteizko, Nafarroako edo Madrilgoak— duten jarrera epela babesten; ez dugula gure Estatuek bultzatzen dituzten gerrekin bat egiten, ezta daramaten politika baztertzailarekin ere... Eta pertsona errefuxiatuei esan nahi genien gu garela Europako herritarrok, haiekin bizi nahi dugunok, gure etxe, plaza eta herriak zabaldu nahi ditugunok, eta kosta ala kosta ez ditugula ahaztuko eta burrukatuko dugula lortu arte.

Eta hori guztia esateko, Tesalonikara heldu eta No Border Camp delakoan sartu ginen, eta bertan ziren nazionalitate ezberdinetako ekintzaileekin —milaka— hainbat ekitaldi burutu genituen. Uztailaren 20an, Paranesti eta Xanthi atxilotze-zentruetara abiatu ginen mila bat pertsona (16 autobus) migratzaileen espetxeak diren CIE delakoak itxi daitezen eskatzeko. Karabanako abokatu, osasun arloko kide eta kazetariek ezagutu ahal izan zuten bertan bizi direnen egoera: Paranestin, adibidez, 18-35 urteko 300 gizon daude oso egoera txarrean, haiekin zer gertatuko den ez dakitela. Errefuxiatu-estatusik ez duten migratzaileak daude hor, espetxe den zentru batean, metaketa-egoera batean edo lekuko batek esan zuen moduan “oilatoki” moduko espazio txiki batean, osasun-baldintza txarretan (adibidez, egunean 5 euro dituzte oinarriko beharrak betetzeko, eta otorduek 3 euro kostatzen dute).

Hurrengo egunean, karabanakoek denuntzia Mazedoniarako muga eraman genuen, Idomeniko zelaia izandako tokira. Ezin izan genuen iritsi, poliziak galarazita, baina protesta egin genuen Performance baten bidez.   Arratsaldean, Greziar solidarioekin, zelai ezberdinetatik etorritako pertsona errefuxiatuekin eta No Border Camp-en parte hartzen zuten ekintzaileekin batera migratzaileen aldeko manifestazioa egin genuen Tesalokinako kaleetan zehar.

Tesalonika utzi eta Atenasera eraman genuen salaketa, espainiar Enbaxadara. Karabanako ordezkariak hartu zituen bertako funtzionario batek, baina atarian, ez barrualdean, eta hitz hutsak baino ez zituen esan, migrazio-politikak aldatzeko inolako asmorik gabe. Kide batzuek migrazio politikak pertsonak hiltzen dituela salatzen zuen performance bat egin eta gero, protesta amaitzeko pasaporte espainiarrak erre zituzten.

Horixe izan zen karabanaren azken ekitaldia greziar lurraldeetan, eta itzulera-bidaia egin zuten bost autobusek. Baina karabanan parte hartu dugun guztiok badakigu hori ez zela bidaiaren amaeira, hasierapuntua baizik. Orain badago asko egiteko: alde batetik, bertan ezagutu ditugun herri grekoaren elkartasun-sareak, etxe okupen egitasmoak, pertsona errefuxiatuen gune auto gestionatuak, ezagutzera ematea; beste aldetik, zelaietan —militarizatuetan bereziki— eta atxilotze-zentruetan bizi dituzten baldintzak salatzea; Europari mugak ireki ditzan exijitzeko ekintzak aurrera eramatea eta sortu ditugun elkartasun-sareak indartzea.

Ozen eta argi esan behar dugu, egoera honen erantzuleak daudela, haien artean gure gobernuak, interes ekonomikoak lehensten dituzten enpresak edota korporazio handiak, pertsona batzuk kanpoan uzten aurreikusten dituen sistema kapitalista… Hau ez da gertatu berez, ez da nahi gabe sorturiko tragedia bat. Beraz, salatu behar ditugu —izen-abizenez— horren arduradunak direnak.

Eta salaketarekin batera, ekin ere egin behar dugu, gure erakundeak ekintzaile bihurtzera behartu behar ditugu. Gure udalerriak babes-hiriak izan daitezen exijitu behar ditugu; ezin dugu etxean geratu eta heltzen ez diren kopuruen promesarekin konformatu behar. Gure udalei esan behar diegu intsumisoak izan daitezen eskatzen diegula, eta gurean babesa behar duten pertsonak ekar ditzaten, Europak edo Estatuko gobernuek egindako banaketaren gainetik (lotsagarria da gure erakundeek honetan duten aitzakia ezer ez egiteko,  errefuxiatuak jasotzeko “prest” daudela dioten bitartean).

Eta laguntza humanitarioa —bertan dauden boluntarioei dirua ematea, bertara joan lan egitera…— baztertu barik, ezin dugu hau gure kontzientzia garbitzeko modu soila bihurtu, eta harago joan behar dugu. Salaketa erdigunean jarri behar dugu. Horretarako, adibidez, oso keinu sinple baino eraginkorra izan daiteke gure leiho eta balkoiak “Ongi-etorri errefuxiatuak” dioten banderez ornitzea. Gerren erantzuleek, egoera konpontzeko ezer egiten ez dutenek, isiltasun konplizea duten erakundeek ikus dezaten hemen badagaudela herritarrok “Open The Borders” diogunak, Europako hainbatekin batera.

Greziarako karabanan 260 herritarrok parte hartu genuen; Tesalonikan ehundaka izan ginen; Euskal Herrian milaka gara… milioika nazioen Europan.

OPEN THE BORDERS!

INOR EZ DA ILEGALA!

ONGIETORRI ERREFUXIATUAK!

MUGAK ZABALDU!

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun