Gizaki guztiok elkartzen gaituen zerbait topatzea ez da lan makala. Kulturak, ohiturak, heziketa estilo anitzak... Ezbairik gabe aniztasun horrek gure esperientzia gizaki moduan aberasten du, ezaugarri koloretsu bat bilakatzen delarik eta bizitzari bizi gogoa ematen diolarik. Dena ez da hain polita, ordea. Ondo dakigu, batez ere garai ilun honetan, bizi ikuspegi ezberdinek elkarbizitza arazo larriak ekar ditzaketela. Honek ez du esan nahi diferentzia kultural horiek ezabatu beharko liratekela, jakina, baina nola egin bateragarri aniztasun eder hori eta gizakion artean eduki beharko genukeen errespetua eta elkarbizitza? Erantzun gatxa daukan galdera, argi eta garbi.
Ba al dago denok onartu ahal dugun zeozer? Borroka eragingo ez duen zerbait? Milaka urtetan zehar, gizakiok natura eta mundua ulertzeko, edo ulertzen saiatzeko, metodo bat joan gara garatzen. Arrazoian eta datu objetiboetan oinarrituko den ezaguera korpus bat. Sustraiak norbanakoen aurreiritzietan edo ideia subjetiboetan lurperatzen ez dituen sistema bat, behin behineko egiak behaketa enpirikoetan oinarritzen direlarik. Eta hau da, hain zuzen, sistema honen ezaugarri nagusienetariko bat: bere egiak behin-behinekoak dira. Erlijioan edo filosofian ez bezala, egiak ez dira behin-betikoak eta dogmatikoak, eta zalantzaren epaiaren menpe daude beti. Zalantza bait da sistema honen erregaia. Sistema honen izena Zientzia da, eta, disgusto batzuk tarte, gure espezieak gozatzen dituen onurak eman dizkigu. Ez dugu sekula ere adostuko zein den jaungoikoaren izena, baina ez dugu arazorik izango Pitagorasen teorema onartzeko. Zientzia eta pentsakera arrazionala dira gure itxaropena.