Doppler efektua eta Big Bang

Erabiltzailearen aurpegia Eduardo San Andres 2015ko aza. 12a, 15:30

Joan den mendeko 20. hamarkadan Edwin Hubble astronomoak hainbat urte eman zituen Einstenek aldez aurretik aurresan zuen teoria bat frogatzeko, galaxia guztiak aldentzen ari direla hain zuzen, puzten ari den puxika baten antzera, hau Big Bang teoriaren alde zihoan gertaera bat izanik.

Gainera aldentze abiadura eta honainoko distantzia proportzionalak direla frogatu zuen: zenbat eta urrunago egon, gero eta bizkorrago aldentzen da gugandik. Hubble-en legea deritzo. XX. mendeko aurkikuntza harrigarrienetariko bat da. Baina, zelan behatu zuen galaxia guztiak aldentzen daudela? Doppler efektuan oinarritzen da. Denok nabaritu dugu noizbait. Espaloian egonda motorra bat gerturatzen bazaigu soinu altua antzemango dugu, eta gure aurretik igaro eta gero, aldentzean, soinua baxua izango da,...ñiiiiiii....uuuuuw. Uhin igorle bat gerturatzen dagoenean, uhin fronteak pilatzen dira bere aurretik, frekuentzia handiagoa ailegatzen zaigularik, hau da, legokion baino soinu altuagoa, eta aldentzen denean uhin fronteak sakabanatzen dira, soinu baxuagoa bidaliz. Argia ere uhin bat da, kasu honetan elektromagnetikoa, eta frekuentzia, kasu honetan, ez da soinuaren altuera baizik eta kolorea, eta efektu berbera sortzen da. Hau da, argi igorle bat aldenduz doanean dagokion baino frekuentzia txikiagoa igortzen du, eta kolorea, legokiona baino gorriagoa da. Gorrirako desplazamendu hau galaxia guztietan behatu da, unibertsoaren hedakuntza baieztatuz.

Gaur gauean, ilunabarraren isilpean, altxatu aurpegia izarretarantz. Gizakiok milaka urtetan zehar bizkarrezurrean sentitu dugun zirrara sumatuko duzu. Amets egin. Zientziaren eskutik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun