Puzzle bat baino ez gara

Erabiltzailearen aurpegia Eduardo San Andres 2016ko ots. 23a, 23:07

Demagun mila pertsona bakoitzak bere aurrean puzzle bat osatuta duelarik. Puzzle bakoitzak mila pieza ditu, eta denak ezberdinak dira.

Demagun mila pertsona bakoitzak bere aurrean puzzle bat osatuta duelarik. Puzzle bakoitzak mila pieza ditu, eta denak ezberdinak dira. Eman dezagun mila pertsona horiei eskatzen diegula bere puzzlea desegiteko. Ondoren, pieza guztiak kutxa handi batean batu, ondo nahastu eta mila bana pieza, ausaz hartuta, banatuko diogu berriro bakoitzari puzzle berri bat osa dezan. Zein probabilitate dago pertsona bati aurreko puzzle berbera egokitzeko? Oso txikia, ezbairik gabe. Zero ez, ordea.
Mundua eratzen duten elementu guztiak, izaki bizidunak barne, puzzle pieza txikiz osatuta daude, atomoak deritzonak. Hortaz, pertsona bat, adibidez, trilioika piezaz osaturiko puzzle bat dela esan daiteke. Atomoak ez daude bizirik (ez nahastu zelulekin!), baina hala ere, konfigurazio jakin batean antolatzen direnean, sortzen den puzzlea biziaren apaingarriarekin agertzen zaigu, naturaren misterio handienetariko bat izanik. Pertsona bat hiltzen denean bere gorputza desegiten da eta pieza guztiak sakabanatzen dira, batzuk haizeak daroa, batzuk behi batek irensten ditu... eta denborarekin beste atomorekin errekonbina daitezke beste puzzle bat osatzeko. Beraz, zure gorputza osatzen duen atomoren bat dinosauro baten gorputzekoa izan liteke. Eta hil eta gero zure piezak beste puzzle baten parte izango dira etorkizunean. Atomoak ez dira sekula desegiten!
Non daude atomoen fabrikak? Gauean, oskarbi egotekotan, gora begira eta fabrikak ikusiko dituzu. Bai, zure gorputza osatzen duten piezak orain dela milioika urte sortu ziren izarretan. Izar hautsa gara. Carl Sagan maisuaren hitzetan: “Unibertsoak bere burua ezagutzeko daukan tresna bat gara”

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun