Selz karameluak

Erabiltzailearen aurpegia Eduardo San Andres 2017ko mai. 31a, 15:47

Iragana dagoeneko ez da. Etorkizuna oraindik ez dago, eta akaso ez da sekula egongo. Gaur, une honetan, hau irakurtzen duzun bitartean, denborak atzamarren artetik ihes egiten dizu, likido garden eta harrapaezin bat bezala.

 Baina batzutan bizipen batek marka fisiko bat uzten du neurona zirkuito batean eta horrela denborak, nolabait, gorputza hartzen du.

Nerabe nintzenean, orain dela… bale, ez ditut urteak zenbatuko, lagunekin ematen nituen orduak Algortan (Bidarte, Pele, Bilbo, Jon, Aitz, Iturri, Antuan). Antzinako Algortako tren geltoki ondoan goxoki denda txiki bat zegoen, eta bertara joaten ginen sarritan. Besteok metro batzuetara itxaroten genuen bitartean, gutako bat dendara gerturatzen zen: “badituzu Selz goxokiak?. Ez, ez ditut. Ados, agur”. Handik bi minututara, beste bat: “badituzu Selz goxokiak?. Ez, ez ditut. Ados, agur”. Eta horrela hiru edo lau aldiz. Saltzailearen pazientzia agortzen hasi eta lepoko zaina eztanda egiteko zorian zeukanean, korrika eskapatzen ginen izugarrizko barreen artean eta gixajoa pakean uzten genuen… hurrengo astebururarte.

Burutatu zait Interneten goxoki horien osagaiak bilatzea: azukrea, glukosa, azido zitriko eta tartarikoa, sodio karbonato azidoa eta esentziak,... dena kimika. Baina nire ortuan landatzen ditudan tomateen osagaiak ere kimika hutsa dira: ura, bitaminak, azido nukleikoak, likopenoa... dena da kimika. Ez dut ukatuko elikagai batzuen hainbat gehigarri kaltegarriak direla, baina askotan egiten dugun kimika/kutsadura parekatze hori okerra eta bidegabekoa da.

Gaurko zutabe hau haurtzaroari eta nerabezaroari dedikatua dago, gizaki ororen benetazko aberria. Goraintziak, lagunok!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun