Ezberdintasunen gainetik, erabakitzeko garaia dela iragarri dute Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 7a, 09:36

Jatorri ezberdinetako 12 gizon-emakumeren artean adostutako erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpena irakurri zuten joan den domekan, hilaren 5ean, Algortako Biotz Alai plazan. Getxoko Gure Esku Dagok deituta, udalerriko 1.000 lagun inguru hurbildu ziren "Adostasunaren plazara", erabakiaren adierazpena ezagutzera, "ezberdintasunen gainetik gai izan garelako aulkia hartzeko, jesartzeko, hitz egiteko, entzuteko, eztabaidatzeko eta adosteko".

Azaldu dutenez, erabakitzea da bizikidetza edota elkarbizitzarako oinarria, "gizarte kohesiorako dagoen tresna egokiena" da erabakitzeko eskubidea. Izan ere, diotenez, horren bitartez "geure burua ahaldundu egiten dugu. Erabakiz herri gisa azaltzen gara. Eta ozen diogu: hemen bizi garenon erabaki askeak eraikiko du gure oraina eta gure etorkizuna, gizarte solidarioago eta itxaropentsuagoa, guretzat eta gure ondorengoentzat".

Hori horrela, Gure Esku Dagok bultzatuta, askotariko pertsonen arteko adostasunak bilatzeko konpromisoa hartu dute udalerriko hainbat lagunek. Hala, elkarrizketaren eta elkarlanaren bidetik, hausnarketa sakona eta konpartitua egin dutela azaldu dute, "Adostasunaren plaza" oinarri hartuta, "Erabakiaren adierazpena" osatzeko.

Ekainaren 5ean egindako ekimenaren argazkiak:

Adostasunaren plaza, Algortan

Erabakiaren adierazpena

Askotariko sentimendu eta ideologiak dituen gizarte plural eta berebiziko bat bilduta, gure adostasuna agertzen dugu: funtsezko printzipio demokratiko bat da gure oraingo eta etorkizuneko estatusa erabakitzeko eskubidea, Euskal Herriaren burujabetasunean oinarrituta. Horregatik, hemen elkartutako getxoztarrok herriek erabakitzeko duten eskubidearekiko konpromiso sendo eta demokratikoa adierazten dugu.

Eta honako puntu hauek adierazten ditugu:

  1. Herri bat gara eta erabakitzeko eskubidea daukagu.
  2. Ariketa demokratiko hau egin nahi dugu, gure ahotsa entzun dadin, gure orainaren eta etorkizunaren jabe izateko, inork gure ordez ez erabakitzeko eta gizarte hobe bat lortzeko.
  3. Beharrezkoa da herritar gehienen atxikimendua batuko duen akordio zabal bat. Jakin badakigu aniztasun handiko gizarte batean bizi garela eta, banatzen gaituenaren gainetik, badagoela batzen gaituen ideia bat: euskal herritarrak gara. Salbuespenik gabe. Erabaki nahiaren espresio izan behar dugu, ezberdinen arteko topagune, elkarbizitzaren giltzarria.
  4. Lan egingo dugu adierazpen hau getxoztarren artean zabaltzeko, haiek ere bat egin dezaten adierazpenarekin, hori baita ariketa honi zilegitasuna emateko bidea..
  5. Erabakitzeko eskubidea gauzatzearen alde lan egiteko konpromisoa hartzen dugu.

Azkenik, Gure Esku Dago herritarren ekimenari eskatzen diogu bere egin dezala adierazpen hau eta Getxoko Udalaren aurrean tramita dezala gure udal-erakundearen babesa ere izan dezan.

Halaber, Getxoko Gure Esku Dagori eskatzen diogu segi dezala lanean adierazpen hau zabaltzeko eta gaur eta hemen lortu duen herritarron babesa areagotzeko.

Getxo, 2016ko ekainaren 5a

Adostasunaren Plaza

Erlazionatuak

Adostasunaren plaza, Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Iker Rincon Moreno 2016 eka 07 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun