Elkarrizketak

Akabukordun kuadrilla: "Gorputza lehertu arte parte hartuko dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 20a, 10:48

Ekainaren 28tik uztailaren 3ra izango dira aurtengo Sopelako San Pedro jaiak. Argazkia, Akabukordun kuadrilla.

Udari ondoetorria egin eta hasiko dira San Pedro jaiak. Hori dela-eta, Sopelako kuadrillak prestatzen hasi dira ospakizunak dakarren guztiari behar bezala aurre egin ahal izateko, eta kuadrillen txapelketa irabazteko guran. Iaz Akabukordun taldeak jaso zuen txapela; agian, sekreturen bat dute...

Iazko Sopelako jaien kuadrillen txapelketa irabazi zenuten. Aurten ere aurkeztuko zarete?
Bai, noski! Aurten eta gorputza lehertu arte, herriko jaietan parte hartuko dugu. Gozatu beharra dago!
Zein proba gainditu behar izan zenituzten pasa den urtean kuadrillen txapela buruan ipintzeko?
Herri askotan egiten den jaitsieraz gainera, besteak beste, tortilla eta sangria txapelketak, ur jolasak, eta bola erraldoien jolasa; azkenengo horretan aurkariak suntsitu egin genituen!

Zenbat kuadrillak parte hartu ohi dute Sopelako jaietan?
Normalean 30 talde inguru aurkezten gara, berton gazte ugari bizi baikara.

Zer-zelako giroa egon ohi da kuadrillen artean edo lagunarteetan?
Sopela herri txikia da; guztiok gara elkarren lagun edo ezagun. Egia esanda, giro ederra dago jaietan.

Egunero probak egiteaz gainera, gau-belak ere egingo dituzue, ezta? Gogorra da gaueko parrandaren ostean probetara gogotsu joatea?
Beti dago baten bat kexaka probak egiteko indarrik ez duela esanez, baina guztion artean bete egiten ditugu, leher eginda egon arren, urtean behin ahalegintzeak ez du minik egingo, ezta?! Hurrengo egunetan ondo lo egin, eta kito!

Zer nabarmenduko zenukete Sopelako jaietan? Zein da jarduerarik «inportanteena» edo «politena» zuentzat?
Kuadrillen partaidetza guztiz garrantzitsua da, bestela zure herriko jaiak beste edozein herriko jaien antzekoak izango lirateke: gauez bakarrik edatera irtetea-eta, hori ez duzu gustuko zure herrian. Egun osoa aprobetxatu behar duzu, herriko jendearekin egon, eta herrian jai-giroa dagoela nabaritu behar da, guztion alaitasunerako.

Jaietan parte hartzeko zelan animatuko zenituzkete sopeloztar denak?
Behin parte hartu dugunok urtero errepikatzen dugu, eta horrek iradokitzen du giro ederra dagoela jarduera guztietan, partaide guztien artean. Beraz... ez bazara gurekin inoiz etorri, anima zaitez! Herria herritarrona da, eta guztion artean geureak egingo ditugu jaiak! Primeran pasako duzue!

Hilabete hasieran, Kuadrilla Eguna antolatu zenuten Sopelan...
Egia da Sopelako jaietan kuadrillen parte-hartzea asko igo dela, baina urtearen barruan egiten diren gainerako jardueretan kontrakoa gertatzen ari da. Adibidez, orain dela urte batzuk Kuadrillen Egunean lagun talde gehiagok parte hartzen zuten. Hala ere, Kuadrillen Eguna, duda barik, egutegian gorriz markatuta, gordeta dugun egunetariko bat da; horregatik, guk beti parte hartu izan dugu. Aurten proposatutako dinamikek, jendearen gogoak eta adiskidetasunak egun polit batez gozatzeko aukera eman ziguten berriro. Eta aipatzekoa da Akabukordunekook egindako atun eta txokolate pintxoa irabazteko modukoa zela!

Gaur egun kuadrillen antolakunde bat martxan dago horrelako ekimenak antolatzeko; horretan parte hartzen duzue? Zelan ikusten duzue hori?
Bai, noski; aktiboki parte hartzen dugu antolakundean. Herria girotu, gazteria elkartu, eta aisialdi desberdin eta original baten bultzadan parte hartu behar dugula uste dugulako.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun