Zer da Sorginen Alaba taldea?
Autodefentsa feministan saretzen dabilen talde feminista bat da. Udan egondako eraso matxistei aurre egiteko beharra ikusi genuen; hasiera batean lagun arteko sorrera izan zen, izenik gabe, autodefentsa oinarri hartuta, pare bat ekintza egiteko. Hortik aurrera, apurka-apurka jendea hurbiltzen hasi da eta taldea osatzeko eskatu ziguten. Hala, jende ezberdina batzen hasi ginen, nora gindoazen eta zer nahi genuen jakiteko. Izena jarri diogu, baina oraindik ez da eraketa formal bat.
Zeintzuk dira zuen lan-ildoak?
Hasiera batean eraso matxistei aurre egiteko sortu ginen, baina badakigu hori ez dela arazo bakarra. Gaur egungo gizartean emakumeok gutxiago kobratzen dugu lan bera egiteagatik, etxeko lanak gure esku daude oraindik, erailketa matxistak egunero ematen dira... Hori dela-eta, gizartea astindu nahi dugu, patriarkatua errotik suntsitzeko. Arlo guztiei heldu nahi diegu.
Joan den astean egin zenuten aurkezpen ofiziala, zer harrera egin dizuete?
Bai, oso positiboa izan zen. Neska gazte pilo hurbildu ziren, eta horrek erakusten digu garai bateko borroka feminista bere fruituak ematen ari dela eta kontzientzia hartzen ari garela. Halere, mutilen falta igarri genuen, borroka feministan mutilak ere kontzientziatu behar ditugula uste baitugu.
Zein da gaur egun feminismoak bizi duen egoera gure inguruan?
Orain arte gizartea lotan egon da, ematen du eraso matxista gehiago daudela, baina ez da egia. Feminismoari esker ezagutzera eman da zer den askatasuna; hori dela-eta, salaketa gehiago daude. Salatzera ausartu gara, hori argitara ematera, eta horregatik entzuten da gehiago, baina ez gehiago ematen direlako, betidanik eman baitira erasoak. Borroka feministak bere fruituak eman ditu, kontzientzia hartu dugu eta horren beharraz jabetu gara.
Zer behar dugu parekidetasunerako?
Hezkuntzan badago zeregina. Mutilak eta neskak hezi behar dira, ez bakarrik neskak euren burua babestera. Mutilei emakumeak errespetatu behar dituztela erakutsi behar zaie.
Noiz eta non batzen zarete?
Sorginen Alabak talde heterogeneoa da, adin ezberdineko emakumeak batzen gara, astelehenetan, 19:00etatik aurrera, Danontzat gaztetxean.