Elkarrizketak

Ernai gazte-antolakundea: "Birdefinizio prozesua militanteetatik harago eraman nahi dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 13a, 15:53

Oihane Landazabal Bernabeu eta Asier Zamorano Arri, Ernai gazte-antolakundeko kideak.

Lau urte joan dira Ernai gazte-antolakundea sortu zenetik. Hala, gaur egunera arteko borroken errepasoa egin eta aurrera begirako erronkak zehazteko asmoz, II. Kongresua prestatzeko prozesua abiatu dute. Oihane Landazabal Bernabeu eta Asier Zamorano Arri Ernai gazte-antolakundeko kideakaz berba egin dugu horren nondik norako guztiak jakiteko.

Lau urte igaro dira Ernaik bere ibilbideari ekin zionetik. Egindako bideari zer deritzozue?

Zerotik hasitako antolakundea izan da, militatzeko ohiturarik ez zuen jendea ginen. Funtzionatzeko modua zein zen ere ez genekien eta bakoitza bere aldetik zihoan. Horrek guztiak dena zailtzen zuen. Garai horretan gazte mugimenduan ez zegoen borroka nahikorik piztuta, eta guk hartu genuen borroka horiek piztearen ardura. Hasiera batean ez genituen baliabide askorik lan hori egiteko, eta ez genekien zein norabidetan kokatu behar genituen. Hasierako bi urteetan gure burua kokatzen ibili ginen, baina dagoeneko egonkortu gara. Hala ere, gure baloreen araberako aldaketa bat emango diogu orain funtzionatzeko dugun era horri.

Zein da gazte mugimenduaren egoera gaur egun Euskal Herrian?

Lau urteren ostean, esan dezakegu aurrerapauso nahiko handiak eman direla arlo horretan. Gazteraiki prozesuari esker jendea saretzen hasi da, euren interes propioen arabera, eta proiektu alternatiboak martxan ipintzea lortu da, ildoz ildo. Gaztetxe eta gazte asanbladen harira, azkenaldian egon den gainbeherari aurre egiteko, koordinatzaile-talde bat ipini da martxan berriro ere, eta euren norabidea gaur egungo errealitatera egokitzeko prozesua abiatu dute. Halaber, azken urtean gazteen arteko mugimendu feministan aurrerapauso handiak eman dira. Emakume gazteek antolatzeko beharra ikusi dute, benetan feminismoa errealitateko praktikara eraman ahal izateko.

II. Kongresura bidean, Inurritegia prozesua hasi zenuten urrian. Orain Ernaik berak osatutako Zirtaka txostena lantzen zabiltzate...

Gazte-antolakundearen birdefinizio prozesu honi Inurritegia deitu diogu gure lan filosofia "Txinaurri-lanarena" delako. Gazte-mugimenduan egoteko eta harremanak saretzeko beharra ikusten dugu. Prozesua militanteetatik harago eraman nahi dugu, ahalik eta gazte gehienen ekarpenak jasotzeko. Gure proiektu politikoak gazte-mugimendu eta gazteri osoaren isla izan nahi du. Prozesua herriz herri eramaten gabiltza, gure estrategia eta antolakuntza gaur egungo egoerara egokitzeko, baina baita herrietan Ernaik erreferentzia irabazteko ere. Kanpora begirako prozesu bat da, kanpoan eragin nahi dugu; gure oinarri sozialari aitortza eta eskaintza bat eman nahi diogu.

Ernai eta Aitzina antolakundeen elkarlana irudikatzeko Gazte Akelarrea egingo duzue apirilaren 13tik 15era. Zer lortu gura duzue horregaz?

Aitzinarekin egiten dugun ekimena da, nazio bat sortzera goazen heinean, Iparraldeko gazte antolakundearekin zubiak eta elkarlanak eraikitzeko beharra ikusten dugulako. Ezker abertzalearen Abian prozesuak uzten digun premisarik nagusiena da eginbide independentista bat martxan ipintzera goazela, eta guri dagokigu horren lanketa gazte- mailan egitea. Independentzia gazteriaren erdigunean ipini behar badugu; horren aldeko arrazoiak eman behar ditugu. Gazte Akelarreak antolatzeko arrazoia hori da, gazteon aldarri independentista bazter guztietatik eraikitzen dabilela aldarrikatzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun