Euskaraz berba egiteko trebakuntza-saioak egiten zabiltzate udaletxean. Zertan datza ekimena?
Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak eskatutako programa bat da. Elhuyarrekin harremanetan jarri ziren, euskaraz hitz egiteko gaitasuna duen talde polit bat bazegoelako, baina ez zutelako askorik erabiltzen, toki askotan bezala. Ekimenaren bidez, horri denari buelta eman nahi diogu, metodologia eta saio batzuk erabiliz. Helburua da hizkuntza-ohituren inguruko gogoeta eragitea, norberarengan hausnarketa bat egiteko. Taldean egiten dugu lan.
Eta zuen iritziz, zelakoa izan da orain arteko esperientzia?
Oso ona. Lehen batzuekin bakarrik egiten genuen euskaraz; batzuetan, bai, eta, beste batzuetan, ez... Orain denon artean beti euskaraz egiten dugu.
Zer zailtasun ikusten dituzue euskararen erabilera bermatzeko?
Ohitura, batez ere. Batzuen kasuan, beldurragatik edo lotsagatik ez zuten euskaraz egiten. Beste batzuek, ordea, ohitura faltagatik ez genuen erabiltzen, nahiz eta jakin aurrean genuenak euskaraz bazekiela. Orain, hori dena aldatu egin da. Kalean, baina, oraindik ere, kosta egiten zaigu euskaraz bizitzea. Hori dena lanorduen barruan egiten dugu. Hala eta guztiz ere, batzuekin ohitura hartu dugu; baina, kosta egiten zaigu hori kalera ateratzea. Zerbitzu-hizkuntzari dagokionez, berriz, herritar bat euskaraz galdeginez etorriz gero, beti hizkuntza horretan erantzuten diogu.
Zein da Gorlizko udaletxeko hizkuntza-errealitatea?
Udaletxeko langile guztiok parte hartzen dugu ekimen honetan, batek izan ezik, ez dakielako euskaraz. Berton gaudenok badakigu euskaraz, baina ez genuen erabiltzen, lehen esandakoagatik. Hala ere, uste dugu, hemendik aurrera, guztion artean erabiltzea lortuko dugula. Batzuek maila baxuagoa izan arren, ulertu ulertzen dute, eta berba egiteko gaitasuna badute. Orain arte, kasu horietan, gaztelaniara jotzen genuen elkarregaz berba egiteko; baina, trebakuntza-saio hauen ondorioz, joera hori baztertzea lortu dugu.
Horretarako, zer motatako dinamikak edo metodologia erabili dituzue?
Hiru orduko 10 saio egingo ditugu; orain arte zazpi egin ditugu, eta irailean eta urrian, gainerako hirurak egingo ditugu. Bigarrenetik aurrera, Eusle metodologia inklusiboa erabiltzen hasi ginen. Soziolinguistika Klusterrak garatu zuen, hainbat aholkularirekin eta enpresarekin batera, hizkuntza-ohiturak aldatzeko. Oso emaitza onak ematen ditu. Orain, jada, ez da teoria, praktika baizik. Horretarako, joko bat izango balitz bezala, dinamika honetan aplikatu dugu. Juanjo hamabost egunean behin etortzen da saioak ematera, baina egunero erabiltzen dugu dinamika hori; langileok garatu behar dugu. Hala, txandaka, bi pertsonak konpromisoa hartzen dute udaletxean sartzen direnetik halabeharrez euskaraz hitz egiteko. Besteek nahi duten hizkuntzan berba egin dezakete, baina eurek euskarara jo behar dute, betiere aurrez aurre hori dakien norbait dagoenean. Hala, emaitza oso onak eman dituela ikusi dugu; nolabaiteko erantzukizuna eskatzen du, zure betebeharra delako eta bete egin behar duzulako.
Zuen ustez beharrezkoa da eraikin publiko batean euskara erabiltzea?
Bai, noski!