Elkarrizketak

Plentzia Amesten: "Lekua diseinatu baino, bidea bera da emaitza"

Erabiltzailearen aurpegia Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 21a, 10:00

Estitxu Garaizar eta Maddalen Cuñado, Plentzia Amesten egitasmoaren talde eragileko kideak.

Umeen iritziak, desirak eta interesak batu ditu hilabeteotan Plentzia Amesten egitasmoak. Prozesua amaitzear dago, hala ere, hori baino lehen, ondorioak eta proiektu berria aurkeztuko dute hilaren 30eko Udalbatzan.

Zein da Plentzia Amesten egitasmoaren helburua?

Helburua da haurren parte-hartzea sustatzea herrian eta, horrekin batera, haien arteko euskararen erabilerari bultzada ematea. Horrela, beraien iritziak, interesak eta beharrak beste edozein herritarrenak bezain garrantzitsuak direla eta herrian aldaketak sortzeko gai direla ulertzen dugu.

Nortzuek garatu duzue egitasmoa?

Norbanakoek eta talde desberdinek parte hartu dute horretan, modu batera edo bestera. Gizarte-hezitzaileak, kuadrilletako eta gaztetxeko kideak, guraso eta banakako interesdunak pasa dira talde eragiletik, udal-ordezkari eta Urtxintxaren hezitzaile banarekin batera. Ludotekako arduradunekin harremanetan egon gara, eta Plentzia Telebista ere bertan izan da, proiektuaren fase denetan bidelagun.

Zein izan da orain arteko ibilbidea?

Hasteko, sentsibilizazio-fasea egon zen, herriko helduei zein gaztetxoei proiektua zer den eta horren garrantzia zabaltzeko. Aldi berean, Plentzia Telebistako lagunekin batera, haurrekin bideo bat grabatu genuen, haurrek euren burua Plentzian nola ikusten duten azalduz. Ondoren, diagnostiko-fasea burutu genuen; horretan, haurrek udalerrian gustatzen zaizkien eta aldatuko lituzketen gauzak identifikatu zituzten. Horretarako, topaketa bi egin ziren ekainean, Ontziola plazan. Bertan azaleratu zen erabilgarri izan zitezkeen eta ordura arte ez diren leku batzuk moldatzeko interesa. Orain, gauzatze-fasea bukatzear dago; leku konkretu bat biziberritzeko proposamena diseinatu da, eta, laster, Udalbatzan aurkeztuko da. Edonola ere, sortuko den leku fisiko horren eraldaketa baino, ibilbidea bera da emaitza.

Eta zein izan da umeen jarrera egitasmo horrekiko?

Haurrek oso gogotsu parte hartu dute, eta oso ideia sortzaileak plazaratu dituzte. Ez hori bakarrik, leku publikoan parte hartzeko aukerez eta mugez hausnartu dute, gertatzen diren arazoak azaleraziz. Gainera, askotan helduok uste izaten dugunaren kontra, edozein leku diseinatzeko orduan beraien interesetatik harago herritar guztiak zelan baldintzatuko lituzketen pentsatzen dute, beraien beharrak eta helduenak askotan nahasteraino.

Eta gurasoena?

Gurasoek ez dute haurren jarduna oztopatu, ezta zapuztu ere. Autonomiaz utzi diete parte hartzen, eta egindako saioetakoa entzun dute errespetu osoz.

Haurrek zelan ikusten dute udalerria?

Gauza interesgarriak atera dira. Nabarmentzekoa da herriaren erdigunean berdegune bat sortzeko nahia, haurren eta gaztetxoen elkargune litzatekeena. Txakur-kakak direlako edo erdigunetik urrun daudelako, dauden berdeguneek ez dute balio izaten bertan jolasteko edo lasai egoteko.
Aurkeztutako ideien artean, zeintzuk lirateke egingarriak?
Ideia mordo baten artean, erabilerarik gabe zegoen leku bat biziberritzea nahiago izan dute, Estrella delako gunea. Leku txikia izan arren, erdigunean dago: Ontziola plaza, frontoia, skate-pista eta itsasadarraren ondoan. Beraz, inguruan giroa egoteko beste eremu hori beraien erara gauzatu nahi dute. Bertan, berdegunea, banku naturalak, tirolina eta ur-jolasgune bat diseinatu dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun