Atzamar

Erabiltzailearen aurpegia Jokin de Pedro 2025ko urr. 14a, 12:05

Gaurko euskaran badakigu hatz dela batasunerako formarik egokiena eri-ren sinonimo gisa, atzamar eta behatz formen kaltean. Aurreko artikuluan hatz-en jatorriaz jardun genuen moduan, oraingoan mendebaldeko euskararen atzamar bitxiaz arituko gara, zenbaketa zaharragaz lotua omen dagoena.

Eskuko hatzekin zenbatzeko bi era tradizional dira: goranzko zenbaketa, hau da, ukabila itxita hatzak banaka luzatuz egiten dena, gure artean ohikoena; beheranzko kontaketa, antzina erabiliagoa. Era honetan, eskua zabalik dagoela, ahurra guri begira, hatzak banaka bilduz kontatzen da; hortaz, bederatzi zenbatzean hatz bakarra geratzen da luzaturik, eta hamar zenbatzean ukabila itxirik, atzapar edo atzamar forma erakutsiz. Beraz, hortik letozke bai Bizkaiko atzamar hitza (ez baitu ‘hamar hatz’ esan gura, herri etimologiaz ez bada) eta bai denon hamar zenbakia.

Eta bederatzi? Teoriarik zabalduenaren arabera, bedera-k ‘bana, bat’ esangura duenez, eta atzi hatzarekin erlazionatua egonik, atzitu eta atzi aditzek darakustenez, 9a ‘hatz bakarra’ litzateke, erreferentzia eginez luzaturik geratzen den erpuruari.

Eta zortzi? Zeuri uzten dizut, irakurle, misterio hori argitzea. Buruari hatz egin eta ikertu!

Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora

HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun