Elkarrizketak

Joseba Butroe: “Euskara ez da existitzen; hizkuntza bat existitzen da pertsona bakoitzak hitz egiten duen neurrian”

Katedra 24 urterekin atera zuenetik euskara irakaslea dugu. Naiz-en eta Berrian idazten du eta Euskaltzaindiaren urgazlea ere bada.

Joseba Butroe Lezaman (Bizkaia) jaio zen, 1960eko otsailaren 29an. Euskal Filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean eta Getxoko Aixerrota BHIko katedraduna da. Eusko Jaurlaritzaren EGAko Azterketa Batzorde Ofizialaren zuzendaria izandakoa ere bada eta gaur egun Euskaltzaindian dabil lanean.

Aixerrota institutuan bertan batu naiz berarekin. Klasetik minutu batzuk atera eta bere ibilbideari eta euskarari buruzko galderak erantzuteko astia izan du.

Euskal Filologia ikasi zenuen, 35 urte baino gehiago daramatzazu irakaskuntzan,  bokazioa ere bada?

Bai, ni 18 urterekin eskolak ematen hasi nintzen, aurten 40 urte izango dira maisutzan hasi nintzenetik. Garai hartan zabaldu zituzten irakasle postu oso bereziak eta nik baneuzkanez hizkuntza eskolako agiri batzuk; hor hartu ninduten. Oraindik ez zegoen Euskal Filologia titulurik, ni izan nintzen lehenengo promoziokoa.

Garai polita izan zen? Erronka izan zen zuretzat euskara sustatzea?

80ko hamarkadan sartzekoak ginen eta jendea mugitzen hasia zen. Euskara sustatzeko kultura-jarduera ezberdinak egiten hasi ziren, bertso-txapelketak, esaterako. Erronka eta ardura izan zen niretzat, txikitatik ikasitako hizkuntza, nire hizkuntza, zabaltzea.

Deustun ikasi zenuen, Sarrionandiarekin, besteak beste…

Bai, jende asko zegoen gure taldean. Sarri, Kaki Arkarazo, Juan Manu Etxebarria, Joanes Urkixo… Askotariko jendea bildu ginen, oso talde majoa osatu genuen.

Nolakoa zen euskararen egoera garai hartan?

Euskaldun oso onak zeuden. Jendeak dio euskararen gaur egungo egoera hobea dela, baina egia esan, gaur egun oso euskaldun traketsak daude. Garai hartan euskaldun jator eta abil gehiago ezagutzen nituen, oro har. Kalitateari erreparatuta behintzat…

Gaur egun, beraz, ez dago hain treberik? Zein da egoera?

Azken finean, hizkuntza oso gauza pertsonala da… Badaude ondo hitz egiten dutenak eta penagarri. Euskararen egora gaur egun… (pentsakor). Euskara ez da existitzen, ez da izaki bat hor nonbait dagoena. Hizkuntza bat existitzen da pertsona bakoitzak hitz egiten duen neurrian.

Euskara batua bultzatzearen aldekoa zara edo uste duzu euskalkien erabilerak nortasuna eta aberastasuna ematen diola hizkuntzari?

Bai. Betiko eztabaida da. Batuera eredu bat da eta hori nahitaezkoa da, eredurik gabe anarkia dagoelako. Ikasten genuenean, hau esaten zen: "¿En euskera? Si no se entienden ni ellos...". Egia zen. Hala ere, gaur egun batuerak agerian utzi du euskara ikas eta irakats daitekeela.

Euskal produkzioa jarraitzen duzu? Zein da zure idazlerik gogokoena?

Bai, kurtso bakoitzeko 20 bat liburu lantzen ditut ikasleekin, eta horrez gainera asko irakurtzen dut, oso gogoko dut. Ranking bat egin behar bada: literaturaren ikuspuntutik Sarrionandia, Atxaga, Arrieta eta Irigoien hautatuko nituzke. Jose Agustin Arrietarekin ez da inor akordatzen, bere liburu batzuk harrigarriak dira, oso onak.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko etorkizuna? Zaila ikusten  duzu erabakitzeko eskubidea lortzea?

Erabakitzeko eskubidea… (barrezka) eufemismo bat da. Ez dugu ezer eskatu behar, ez dugu baimenik eskatu behar. Zu bazara edo ez zara. Ni euskalduna naiz, ez naiz sekula espainola izango, nire gurasoak bezala. Dena da manipulazioa. Erabakitzeko eskubidea zertarako? Errespeta ezazu nire eskubidea, nik euskaldun izateko eskubidea badaukat.

Inposizioa izan zen… Behartuta eta derrigortuta…

Bai, erabat. Matxitxakoko guda adibidez horren isla argia da. Telebistakoek eta kazetariek gaur egun diote gerra zibileko batailarik garrantzitsuenetakoa izan zela. Zer gerra zibil? Matxitxakoko batailan hil zirenak itsasontzi txikietan borrokatzen ziren arrantzaleak ziren, armada frankistaren kontra. Euskadik garai hartan bazuen txanpon bat eta Estatu bat izateko bidean ginen. Gerra zibilean hil zirela… Hori esatea ere... Haiek etorri ziren, guk ez genuen inoren kontra egin.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun