Elkarrizketak

Iñigo Urrutia: “EHUko funtzionamendu azkarrak sarritan pertsonen eskubideekin talka egiten du”

Laster urte bi beteko ditu Iñigo Urrutia Libaronak EHUko Aldezle lanetan. Zuzenbidean lizentziatu zen eta abokatu modura jardun zuen doktoretza tesia egin baino lehen. EHUko irakasle eta ikerlari izan zen Administrazio Zuzenbide Sailean, eta Bizkaiko Campuseko zuzendaria, besteak beste. Gaur egun, Euskal Estatus Politiko berriko testu artikulatua idazteko adituen batzordeko kidea ere bada Urrutia (Maruri-Jatabe, 1966).

Zergatik behar da aldezlea EHUn?

Benetan funtsezkoa da halako figura bat izatea. Unibertsitateak gurpil erraldoi baten antzera dihardu, inertzia handiko gurpil bat bezala hain zuzen ere; martxan jartzen denean itsu-itsuan doa aurrera, eta EHUko funtzionamendu azkar horrek sarritan pertsonen eskubideekin talka egiten du. Batzuetan talka hori oso agerikoa da, adibidez, ikasteko eskubidea bidegabe oztopatzen delako, irakasle edo ikasle batek jarrera desegokia izan duelako, edo administrazio eta zerbitzuetako kide baten lan baldintzak errespetatzen ez direlako. Beste batzuetan aldiz, urraketok askoz ere leunagoak dira; genero bereizkeria edo baliabide ekonomiko urriak izateagatik ikasketetatik aldentzea, kasu.

Zein da zure erantzukizuna aldezle bezala?

Instituzioarekin berarekin leial jokatzean datza nire ardura, baita guregana hurbiltzen diren pertsonekiko ere, hots, eskubideren bat urratu dela antzematean (norbaitek informazioa helarazi digulako zein gure kabuz), urraketa zantzuak aztertu, eta benetakoa izan bada, hori salatzea dena delako instantziaren aurrean, konponbide eraginkor bat eskatuz. Batzuetan Aldezlearen erantzukizun honek egoera deserosoetara eramaten nau, izan ere, errektoretza taldeko kideei zein dekanotzetako kideei berri txarrekin joaten natzaie sarritan.

Gainera, zuk bakarrik eroan behar duzu hau guztia... Zein fakultatean egoten zara?

Ez. Nirekin batera Aldezlearen zerbitzuan teknikari bat dago eta idazkari bat. Asteko jarduna Donostia eta Leioa artean banatzen dut, ahalik eta gertuen egoteko kexak aurkezten dizkiguten pertsonengandik.

Euren eskubideak urratu direlakoan jotzen dute zuregana (irakasle, ikasle zein administrazioko langileek). Zer motako eskubideak izaten dira?

Ikasleei dagokienez, gehien ematen diren aztergaiak dira ebaluazioari, matrikulazioari, prezio publikoei, gradu amaierako lanei eta haien tutoretzari lotutakoak. Ikasleen ebaluazioa oraindik ere gai gatazkatsuenetako bat da. Irakasle-ikertzaileen kasuan, 2018an gehien errepikatutako gaiak honako hauek izan dira: irakaslanaren banaketa, plazak eta ordezkapen poltsak eta lankideen arteko gatazkak. AZPko langileei dagokienez, 2018. urtean lan baldintzak eta plazak edo lekualdaketen lehiaketa nabarmendu dira gehien.

Esan duzu ikasleen ebaluazioa gai gatazkatsuenetako bat dela, zeintzuk dira horri dagokionez heltzen zaizkizun kexak?

Bosgarren eta seigarren deialdiko epaimahaien ebaluazioa, justifikatutako arrazoiengatik aldatutako azterketen datari lotutako gaiak, irakasgai baten kalifikazioa berrikusteko eskubidearen gauzapena, larunbatetan azterketa egitera joateko derrigortasuna eta practicumaren ebaluazioa, besteak beste.

Irakasleak, beraz, izaten dira zuregana jotzen dutenak...

2018. urtean, 135 pertsona joan dira aldezlearen bulegora, eta 138 aztergai planteatu dituzte guztira. Kontsulten kasuan, gehien hurbiltzen zaizkigunak ikasleak dira, eta ondoren irakasle-ikerlariak. Aldiz, kexen kasuan, irakasleek kexa formal gehiago jartzen dituzte ikasleak baino. Horren arrazoia da, ikasleek bide formalizatu arautuak dituztela hainbat gaiei buruzko kexak aurkezteko.

Zein izaten da unibertsitatearen erantzuna zure ebazpenekiko?

Jeneralean positiboa. Bulegora iritsi diren kexak bideratzeko jo dugun pertsonen eta organoen erantzuna ona izan da gehienetan. Eskerrak eman nahi dizkiet Aldezlearen zerbitzuarekin lankidetzan aritu diren pertsona guztiei, ulertu baitute gatazketatik hainbat irakurketa atera daitezkeela bai gure unibertsitatearen aurrerabiderako, bai gure xede den gizarteari ematen diogun zerbitzu publikoa hobetzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun