Neska izen euskaldunak! Esanahiak!

Erabiltzailearen aurpegia Lander Iruretagoiena 2021ko api. 13a, 14:52

Pertsonen euskal izenak bereizgarriak dira, izan ere, beste hizkuntzetako izenez ezberdintzen dira. Ez bakarrik euskal grafiagatik (hots, k, ts, tx, tz erabiltzeagatik eta ç, c, tildeak edo bestelako karaktereak ez erabiltzeagatik).

Euskal neska izenak aztertzen baditugu, zenbait aspektu ikusi ditzakegu. Aspektu deigarriena, -e letra emakumeen izenei atxikitua dagoela izango litzateke, -NE bukaera gehien ikusten den bukaera izanez (kasualidadea izan edo ez, baina “neska” hitzaren “ne” hori ere hartzen du). Jarraian, -ne bukaera duten izenak ikusiko dituzue  (-ÑE bukaera dutenak ere gehitu ditut, izan ere, I eta N ren artean sortu da -Ñe, hala nola Eguzkine –> EguzkiÑe).

Hona hemen izenak: Abarne, Abene, Adirane, Adine, Agerne, Agurne, Agurtzane, Aiene, Aintzane, Alantune, Alazne, Albane, Amane, Andone, Andoliñe, Ane, Anene, Antxone, Apolone, Arakne, Arane, Arene, Argiñe, Arhane, Ariane, Ariñe,  Arrene, Arrosane, Arsene, Atsegiñe, Augustiñe, Aurkene, Babesne, Bakarne, Bakene, Balendiñe, Balene, Balerene, Barkane, Beltzane, Benardiñe, Beniñe, Berbizne, Bernardiñe, Betiñe, Bibiñe, Bidane, Bihozne, Bingene, Birkiñe, Burne, Dione, Ederne, Edurne, Egokiñe, Eguzkiñe, Ekiñe, Elene, Elixane, Emillene, Erdaiñe, Erdiñe, Ermiñe, Erramone, Erregiñe, Erromane, Errukiñe, Errupiñe, Eskarne, Etorne, Eukene, Eunate, Eztegune, Eztiñe, Gabone, Gaizkane, Garaine, Garaiñe, Garbiñe, Gartzene, Gentzane, Geraxane, Gixane, Gizane, Gongotzone, Gorane, Gotzone, Gudane, Gurene, Guruzne, Haizene, Helene, Hirune, Ibarne, Ibone, Igarne, Igone, Ikerne, Ilargiñe, Ilariñe, Ilazkine, Iragarne, Irakusne, Irkusne, Irune, Ismene, Itsasne, Itxasne, Ixone, Izarne, Jaione, Jasone, Joane, Jokiñe, Jone, Josebiñe, Josune, Julene, June, Justiñe, Kariñe, Katariñe, Keperiñe, Kispiñe, Kistiñe, Koldobiñe, Kupiñe, Laguntzane, Larraine, Laurane, Laurene, Lekuine, Lidubiñe, Lohizune, Lukene, Maitane, Marene, Mariñe, Markeliñe, Martiñe, Mattane, Melpomene, Mirene, Nahiane, Nekane, Oihane, Osane, Pirmine, Puskene, Roxane, Sabiñe, Saturene, Saturniñe, Sebastene, Selene, Sorne, Susane, Udane, Uguzne, Urtsiñe, Urtune, Usune, Zaiñe, Zeiane, Zoriane, Zorione, Zuhurne, Zuriñe, Zuriñe…

Iturria: Euskaltzaindiako Onomastika ataleko ponte-izendegia.

Euskal neska izenak

Izen horiei guztiei erreparatuz, alde batetik konturatu zaitezkete izen asko mutilen izenak + -NE direla, esaterako, "Gotzon" mutil izena da eta bere baliokidea "Gotzone", neska izena. Eta berdin gertatzen da honako izenekin: Jon-Jone, Antxon-Antxone, Bingen-Bingene, Euken-Eukene, Gaizka-Gaizkane, Ibon-Ibone, Iker-Ikerne, Irkus-Irkusne, Josu-Josune, Julen-Julene, Luken-Lukene, Sabin-Sabine…  Bestetik, naturan oinarritutako izenak ere badira, hala nola, Edurne (EDUR + -NE), Eguzkiñe (EGUZKI + -NE), Itsasne (ITSASO + -NE) eta abar. Baita ere koloreetan oinarritutakoak, esaterako Zuriñe (ZURIA + -NE)  eta Beltzane (BELTZA + -NE).

Euskal neska izenak

Ildo beretik, naturako elementuekin erlazionatutako neska izen gehiago daude -ne bukaera ez dutenak: Urkia (zuhaitz mota bat, erderazko Abedul), Haritza (zuhaitz mota bat, erderazko Roble), Urretza (perretxiko mota bat, erderazko Carbonera)… Eta berdina gertatzen da koloreekin erlazionatutakoekin, esaterako “gorria” ere neska izen moduan ageri da euskailtzaindiako ponte-izendegian.

Beste alde batetik, -ne bukaera duten izenak alde batera utzita, gaur egungo izen asko neologismoak dira, hau da, izen berriak dira, eratutako izenak. Ildo horretatik, 1897. urtean Sabino Aranak asmatutako izen asko eman ziren argitara. Izen horietako asko erderatik itzulitakoak ziren eta beste asko berak asmatutakoak. Hala ere, esan beharra dago, euskarazko izen guztiak ez direla Sabino Aranak asmatutakoak.

Era berean, izen asko kutsu erlijiosoa duten izenak dira, izan ere, Sabino Aranak euskal santutegi izenak ere itzuli zituen. Horren adibide dira esaterako Jasone, Igone, Gorane… (hirurek “Ascensión” gaztelaniaz, ekintza zerutiarra adieraziz).

Orobat, izen toponimo asko ere aurki ditzakegu, hau da, lekuak izendatzeko erabilitakoak, adibidez herrien, basoen, santutegien eta abarren izenak. Horren adibide ditugu Ainhoa, Leire, Arantzazu, Arantza, Sara, Itziar, Murgia, Nafarra, Izaro… Gainera, horietariko gehienak ama birjinien izenak dira, beraz, horiek ere kutsu erlijiosoa duten izenak direla esan genezake.

Azkenik, aipatu beharrekoa da, duela gutxi Euskaltzaindiak izen neutroen zerrenda ere argitaratu zuela, non neska eta mutilek hartu dezaketen izenak ageri diren; hau da, genero markarik gabeko izenak. Halaber, -NE bukaerako izenetara itzuliz, nahiz eta bukaera hau emakumeei esleitu, izen neutroen zerrenda honetan badira ere -NE bukaera duten hiru izen: Ardane, Azkune eta Gixune.

Informazio gehiago: euskaragara.net

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun