Euskaltzale porrokatu bezala, gainera, nire 5 urteko umeak euskaraz barra-barra egiteak bihotza alaitzen dit. Nahiko txukun aritzen da eta hori entzuteak bizitzari zentzua eman dio. Lagunekin eta senideekin gure hizkuntzan gehiago eta hobeto egiteko aitzakia ezin hobea da. Umeentzako kultura emanaldietara hurbiltzeko, marrazki bizidunak ikusteko, abestiak abesteko eta jokoak deskubritzeko, ikastolara eta ikastolako giroan murgiltzeko aukera ematen dizu. Eta hor, beste inon baino gehiago, euskarak presentzia handia du.
Emaztearekin batzutan eztabaidatzen dut umeen kontuak direla eta ez direla. Umeekin, etxea hankaz gora dago, amorraldiak jasan behar dira, batzuetan ez dugu nahi beste lo egiten. Baina lanetik bueltatzean, badakit hor edukiko ditudala. Badakit alabak “maite zaitut” esango didala eta besarkada oparituko didala.
Askotan pentsatzen dut, nola sentituko nintzatekeen familia osatu izan ez banu. Oso argi dut; depresioak jota egongo nintzateke. Bizitzeko motibazio handirik ez nuke edukiko. 30 urte nituela, aurreko bikotekidearekin harremana hautsi nuen. Hurrengo bikotekidea topatu arte, nire bizitzan familia osatzeko “ganorazko” bikotekidea izatea zail ikusten nuen. Amildegia ikusten nuen. Eskerrak egoera horri buelta eman ahal izan nion!
Umeen etorrerak nire familia kohesionatu du. Aitite-amamentzat bizipoza da. Uste dut haientzat ere izugarri pozgarria dela. Nire aita nahiko txatxua da, hau da, cascarrabias. Pertsona nagusi izaki, antzinako garaiak gogoratzen ditu, egungoa krikatuz. Suizidioaz maiz hitz egiten du, familiarentzat zama izan nahi ez duela eta. Baina umeei esker bizitzeko gogoa biziberritu zaio.
Esan bezala, umeei esker, euskarak beste dimentsio bat hartu du. Gune erdaldunean bizi garelarik, erronka handia dugu hurrengo urteotan. Umeek euskarari irmo eta sendo eustea, alegia.
Euskararen eta Euskal Herriko egoera zein den ikusita, zelako zailtasun pairatzen ditugun ikusita, bere burua euskaltzaletzat duen orok, umeak izateko behar morala du. Eta behar edo derrigortasuna ez da hor bukatzen, jakina. Ume horiekiko ohiko arreta eta dedikazioaz gain, euskararekiko, gure kulturarekiko, gure sustraiekiko atxikipena transmititzea ezinbestekoa dela pentsatzen dut. Euskal Herria gure erabakien ondorioa da. Hurrengo belaunaldiaz gu geu arduratzen ez bada, akabo. Bada garaia kontu honi ganoraz hel diezaiogun. Herri bezala eta norbanako bezala.