Barkatu eragozpenengatik? Ezta pentsatu ere! Jarraituko dugu!

Erabiltzailearen aurpegia Otxantegi Herri Lurra 2023ko aza. 13a, 09:29

Porlanarekin negozioa egiteko joera suntsitzaileak ez dauka etenik Berangon, eta une honetan aldi berean ari gara bizitzen bi momentu garrantzitsu. Batetik, Otxantegi indarrez hustutzeko data ezarri dute: azaroaren 23a. Bestetik, Otxandategi lursailean obrak hasteko prozedura une erabakigarri batean sartu zen uda erdian: birpartzelazioa. Hau da, obrekin aurreikusten duten etekin ekonomikoa jabeen eta Udalaren artean banatzeko prozesua.

Halakoetan, etekin handiena lortzen du presio handiena egiteko jabetzen ehunekoa duenak, abokatu garestienak ordaintzeko dirua duenak, eta trikimailuez aprobetxatzeko ezagutza duenari ordaintzen dionak: Aguirre-Lipperheide familiak, hain zuzen ere. Aguirre-Lipperheidetarrek Berangoko lurren 1/7 baino gehiagoren jabetza dute, eta mendez mende jabetza horrekin denon dirua poltsikoratu eta poltsikoratu ibili dira. Azken hogei urteotan Otxantegin eraikitzeko plan eta negoziazioetan lur horien jabetza izateagatik lortuko duten etekina gutxienez 7 aldiz hazi da. Obra hauekin 30 milioi euro lortzea espero dute (30.000.000 €, bai), lur emankor batzuen jabetza heredatu dutelako, besterik ez. Otxantegi bezalako arnasgune batekin espekulatzeagatik. Lobby baten parte dira, lur-jabe klasikoak. Eta haiekin batera Amenabar bezalako konstruktora eta promotorak.

Espekulazioa ez litzateke posible Berangoko udal-gobernuaren konplizitaterik gabe. Zergatik ez dute alokairu soziala bultzatzen? Zergatik VPOak minimoan? Etxebizitza horiek ez dutelako dirurik ematen. Aguirre-Lipperheide familiaren etekinen aurrean, Berangoko udal-gobernua prebarikazioan dabilela dirudi, hau da, ezikusiarena egiten. Zertarako? Negozio horretatik % 15 ziztrin bat lortzeko, eta diru horrekin, gainera, etxebizitza duinen eredu bat ez bultzatzeko. Legeak betetzeko minimoetan ari dira, herriari ogi-apurrak eskaintzen eta suntsipen ekologiko aldaezina gauzatzen.

Ekozidak dira, eta, hain zuhurrak, non birpartzelazioaren alegazioetan argudiatu ahal izan baitugu ez direla ezta VPO kopuru minimora iritsi.

Pelotazo hauek denok ordaintzen ditugu. Bizitza bizigarriak eraikitzeko aukerak galduz, osasuna galduz, bioaniztasuna galduz, etxebizitza duin bat izateko eskubidea galduz. Euskal Herrian nagusi den hirigintza-eredu hau onartezina da. Ez dira etxeak falta (etxebizitza hutsak, gutxienez, 275.000 dira Euskal Herrian), etxeak gero eta garestiago daude. Beste politika publiko batzuk behar dira, herriaren eta langilegoaren mesedetan, eta ez lur-jabe eta enpresa handien mesedetan.

Gu eragozpenak gara eurentzat, gure presentzia eta aldarrikapenetatik hasi eta jarritako alegaziora arte. Eta horrela izaten jarraituko dugu. Datorren zapatuan, azaroaren 18an lan egun bat antolatu dugu desalojoari aurre egiteko. Erdu eta parte hartu! Lurra defenditu! Otxantegi ez ikutu!

Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora

HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun