Erandioko Gobernuaren desidia Sonora

Erabiltzailearen aurpegia Yortx Martin 2024ko aza. 24a, 09:01

Sonora diskotekaren inguruan  asteburuero sortzen diren arazo larriak kontuan hartuta eta Erandioko udalaren egoera hauek kudeatzeko ezintasunaren aurrean Astrabuduko Auzo Elkarteak diskotekaren itxiera eskatzen du. Datorren ostiralean, azaroak 29, Astrabuduko bizilagunek kaleak hartuko dituzte  Erandioko udalaren ezintasuna salatzeko eta diskotekaren itxiera eskatzeko.

"Gau bateangazte batzuk Sonora diskotekaren ondoko Axpeko gasolindegitik  indarrez eraman zuten izotz poltsaz beterik egoten den izozkailu handia eta errekara bota zuten." Horrela kontatu zigun Axpeko gasolindegiko nagusiak pasaden asteazkenean Josu Murueta kultur etxean bizilagunez lepo egin zen Astrabuduko auzo elkarteak deitutako bileran. Hau, adibide bat baino ez da, 2020tik aurrera Sonora diskotekaren inguruan sortzen diren berri txarrak asko dira, gehiegi eta oso larriak. Hau ez da broma. Eraso sexistak, bortizkeria, ziurgabetasuna, kalte larriak, zikinkeria..... Azken urte hauetan egunkarietan eta komunikabidetan, oro har, Erandio eta Astrabudua izena aipatu den gehienetan arazo larri hauengatik izan da.  

Diskoteka guztien inguruan gerta daitekeenaz jakin badakigu auzokideok, baina Astrabuduan jasotzen ari garen ondorioak elkarbizitza zailtzen dute erabat. Ondorioen artean, udaleko igogailuak eta eskailera mekanikoak daude, oinarrizko elementuak direnak mugikortasun murriztua duten pertsonentzat. Igogailua matxuratuta zegoen ekainetik eta bere funtzionamendua oso oso irregularra izan da, batzutan badabil, askotan ez. Eskailera mekanikoak izorratu dute eta alde bat ezin da erabili. Honez gain, ezin dugu ahaztu kalte hauek guztiak geure poltsikotik ordaintzen ari garela.

Bestetik, asteburuetan lan egiten duten auzokide batzuk gauean metroa hartu beharrean kotxea erabiltzen dute beldurragatik. Eraso sexistak ere egon izan dira. Alboko aparkalekuan ibilgailuak ispiluak apurtuta agertzen dira askotan hurrengo egunean.

Auzokideok nazkatuta gaude egoera honekin. Pasaden asteazkenean Josu Murueta kultur etxean egin zen bileran nabarmena izan zen sentimendu hori. Aretoa jendez lepo bete zen eta kalea hartzeko beharra adierazi zuen gehiengoak. Auzokideak haserre nabarmendu zuten Erandioko gobernuaren desidia edo ezintasuna arazo hauek kudeatzeko eta elkarbizitza bermatzeko, bai auzotarrentzat eta bai diskoteka inguruan dauden gazteentzat.

Elkarbizitza posible izan behar du, diskoteka eta auzotarren artean. Zoritxarrez, denbora eta datuek ez dute zalantza izpirik ematen 2020tik aurrera arazoak handitu egin dira eta gero eta larriagoak dira. Astrabuduko auzo elkarteak zenbait bilera izan dute alkatesarekin, baina udala hitz politez aparte ez du ezer konpontzen. Diskotekako jabeak ere zenbait neurri martxan jarri zituen, baina hori ere ez da nahikoa. Erandioko udalak eta Diskotekaren artean pilota elkarri botatzen dioten bitartean, auzokideok ondorio guztiak jan behar ditugu. Horregatik, auzotarrok bai, geu mugituko gara. Datorren ostiralean, azaroak 29, Astrabuduko bizilagunok kaleak hartuko ditugu  Erandioko udalaren ezintasuna salatzeko eta diskotekaren itxiera eskatzeko.

Agian, arazo larri hau konpontzeko agente gehiago sartu beharko ziren bertan modu eraginkor batean: inguruko udalerriak Leioa, Bilbo, Eusko Jaurlaritzako segurtasun saila... azken batean, astebururo Euskal Herriko, Kantabriako eta leku askotako gazteak biltzen dira bertan. Gazteen gozamena bermatu behar dugu inguru seguru bat eskainiz. Ez dugu ahaztu behar zenbait gaztek, behin egon ondoren, ez direla Sonora diskotekara joaten dagoen giro arrarogatik. Instituzioetatik bermatu behar dute elkarbizitza guztiontzako, parranda egin nahi dutenentzat, lanera joaten direnentzat, metro erabiltzaile guztientzat, mugikortasun murriztua dutenentzat. Hau ez bada gertatzen, hobe da diskoteka ixtea. Bestela, ondorioak biderkatuko dira are gehiago eta gero eta larriagoak izango dira. Azken urtetako datuak oso nabarmenak dira.

Beraz, bakoitzak bere lana egin dezan. Erandioko gobernuak bere baliabideekin ezin badu, laguntza eska diezaiola ondoko udalerriei, Eusko Jaurlaritzara.... Gure arazoak konpontzeko aukeratuak izan dira, Erandioko udalerriaren ordezkariak dira. Hau da, haien ardura erakusteko momentua.  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun