Pinosolori buruzko azalpenak eman behar zituzten Eusko Legebiltzarrean Ana Oregi sailburuak eta gaur egun Metro Bilbao garraio enpresako zuzendaria den Eneko Arruebarrena Leioako alkate ohiak. Ingurumen eta Lurralde Politika batzordean jarrita zeukaten hitzordua, 11:30ean. Hala ere, elurtearen ondorioz ezin izan zuten egin. Data zehaztu gabe atzeratu egin zuten.
Pinosoloko proiektuari buruzko ikerketa batzordeak "ustelkeria zantzu garbiak" azaleratu zituen azaroan. Eneko Arruebarrena alkate ohia eta Jon Loizaga Kirol zinegotzi ohia —biak ala biak EAJkoak— lotzen ditu izan diren irregulartasunekin. Loizagaren agerraldia ere eskatu zuen koalizio soberanistak. Ostera, EAJk eta PPk eskaria tramitera ez onartzea erabaki zuten batzordeko mahaian.