Pinosoloko proiektuari buruzko ikerketa udal batzordeak “ustelkeria zantzu garbiak" azaleratu zituen 2014ko azaroan. Eneko Arruebarrena alkate ohia eta Jon Loizaga Kirol zinegotzi ohia —biak ala biak EAJkoak— lotzen ditu ustezko irregulartasunekin. “Kutunkeria” susmoak tarteko, birritan esleitu behar izan zituzten kiroldegia altxatzeko lanak. Baina, irregulartasunei ezik, oposizioko alderdiei leporatzen die EAJk “herriari onura handiak” ekarriko zizkion egitasmoa gelditu izana. Kanpoko igerilekuak zein padel eta tenis pistak 2010ean zabaldu ziren. Baina, 2011ko udal hauteskundeen ostean, Bilduk, PSE-EEk eta PPk kiroldegi estaliko egitasmoa bertan behera utzi zuten.
Eusko Legebiltzarreko oposizioko alderdiak bat datoz Arruebarrenari Metro Bilbaoko zuzendaritza utz dezala eskatzeko. Jon Loizaga Kirol zinegotziak ere azalpenak eman zitzan eskaera, ostera, EH Bilduk baino ez zuen babestu. Epaitegietarako bideari dagokionez, PPk egin zuen bakarrik, "erantzukizun penalak" egon daitezkeelakoan. Popularren eskutik ere aurkeztu dituzte Metro Bilbaon ordezkaritza daukaten erakunde publikoetan Leioako alkate ohiaren kontrako mozioa, Pinosolo tartean, garraio enpresan izandako "kudeaketa zalantzan" jarriz. EAJk akusazio denak "gezurtatu" zituen Leioan otsailean plazaratutako aldizkaritxoaren bitartez. Jeltzaleen iritziz, udal agintariek “gardentasun osoz” jokatu zuten egitasmoa kudeatzeko orduan.
Horri erantzunez, “justifikaezina justifikatzea” leporatu zion EH Bilduk EAJri. Koalizio abertzalearen berbetan, “heldu da unea gai horren inguruan eztabaida publikoa egiteko”. Horregatik, EH Bilduk Udalari, eta zehazkiago, EAJ eta Ezker Batuaren Udal Gobernuari eskatu zien Kultur Leioan Pinosolo auziari buruzko solasaldi irekia deitzea, “denok onartutako pertsona inpartzial batek gidatuta, eta Udalean ordezkaritza daukaten talde politiko guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten”.
Lehenengo aldiz
Eusko Legebiltzarreko EH Bilduk nabarmendutakoaren arabera, "lehenengo aldiz erakunde publiko batean Eneko Arruebarrena Leioako alkate izandakoaren azalpenak entzuteko aukera izango da". Metro Bilbaoko zuzendariak otsailaren 4an agertu behar zuen Eusko Legebiltzarraren Ingurumen eta Lurralde Politika Batzordean. Ostera, ezin izan zuten egin, egondako elurteak legebiltzarkideetako batzuk Gasteizera heltzea eragotzi zuelako.