Leioak Sestaon jokatuko du gaur, eta omenaldia egingo dio Ainizeri

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 16a, 09:00

Joaneko partidan, Sestao Riverrek 0-2 irabazi zion Leioari Sarrienan. © LUTXO - LEIOA KIROL ELKARTEA

Leioa Kirol Elkarteko lehen gizonezkoen taldeak Sestao Riverren Las Llanas zelai ospetsua bisitatuko du gaur, zapatua, 16:00etan. Bigarren B Mailako partida abiatu aurretik, Bizkaia eta Arabako futbol-taldeetako jokalari bana zelairatuko da Ortuellako Ainize neskatoari ohorezko korridorea egiteko. Ondoren, burmuin-gaixotasun larria duen hiru urteko umeak ohorezko sakea botako du. Futbol-zelaiaren sarbideetan Ainize laguntzeko lapikoak jarriko dituzte eta Sestao Riverrek antolatzen ohi duen zozketaren dirua ere familiari emango diote.

Kirol lehiari dagokionez, Leioa eta Sestao Riverren arteko aurrekaririk hurbilena denboraldi honetako bigarren ligako partida izan zen, Sarrienan jokatu zena. Orduan, berde-beltzek 0-2 irabazi zuten, Jito Silvestrek eta Rodri Martínezek sartutako golei esker. Igor Gordobilen taldea, bere aldetik, Zornotzan irabaztetik zetorren, baina prestakuntza fasean zegoen oraindik.

Ezkerraldekoak zazpigarren postuan heldu dira Bizkaiko derbi berri honetara, sei garaipen, hamar berdinketa eta lau porrot jaso ostean. Bitxikeria moduan, berdinketa gehien duen taldea da Sestaokoa, erdia hain justu.

Gainera, Barakaldo eta Real Madrid Castilla dira Sestao Riverrek baino partida gutxiago galdu dituzten bakarrak. Zenbaki bikain horiek are hobeagoak dira Las Llanaseko norgehiagokak aintzat hartz gero. Etxean, Barakaldok bakarrik irabazi die, 2015eko azken jardunaldian, hain zuzen ere.

Pasa den aste-akabuan, lehiakortasun handiko Ezkerraldeko derbian, Sestao Riverrek 1-2 irabazi zion Portugaleteri bere zelaian, Floridan, etxeko taldeak lehen gola sartu arren. Berde-beltzen golegilerik onena Mikel Abaroa erdilari bizkaitarra da, Eibar eta Real Unionen jokalari ohia. Bost gol daroatza, Jito aurrelari katalan nekaezinak baino gol bat gehiago.

Leioa, behetik gora egin guran

Leioak, bere aldetik, azken hamabi puntuetatik bakarra eskuratu du eta hiru porrot darama jarraian, Amorebieta, Real Union eta Real Sociedad Bren aurka. Berdinketa bakarra Sarrienan lortu zuten Leioako mutilek, orduan Zinedine Zidanek zuzentzen zuen Real Madrid Castillaren aurka. Azken garaipena, ostera, abenduaren 6koa da. Egun hartan, Rayo Majadahondari irabazi zioten bere zelaian, Cerro del Espinon.

Beheraldi txiki horren ondorioz, Igor Gordobilen mutilek galdu egin dute urrian eta azaroan lortutako koltxoi erosoa. Orain, Leioako taldea 14. dago sailkapenean, 24 puntugaz. Jaisteko eta play-out postuetatik zein zuzenean jaisteko postuetatik puntu bakarrera, beraz.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun