Aurrekontu berriek herriko erronka nagusiei erantzun egokirik emateko "gaitasunik ez" daukatela uste du Leioako EH Bilduk: Avanzada errepidea lurperatzeko eta Sabino Arana kalea oinezkoentzat bihurtzeko; kiroldegi berria diseinatzen hasteko; umeentzako jolas-eremu estaliak egiteko; Pinueta, Lamiako, Artatzagane, Kandelazubieta edo Ikea Mendi auzoetan inbertsioak egiteko... AuzoBus zerbitzu berria martxan jartzeko dirurik ez ei da aurreikusten edo "aurreikusitakoak ezer gutxirako emango du, auzoetarako inbertsioak erdira jaisten baitira".
"Hori argi geratu zen osoko bilkuran egon ziren hamarnaka Txorierri auzoko bizilagunen aldarrikapenei tokiko Gobernuak emandako erantzun eskasetan: ezin esan Lamiako eta Txorierri arteko lotura hobetuko duen igogailuaren lanak noiz hasiko diren, nahiz eta urteak eta urteak daramatzaten esanez aurten egingo direla. Nekea eta haserrea begi bistakoa zen auzokide horien artean, berba on eta hutsalez nekatuta", azaldu dute koalizio abertzaleko zinegotziek. Baina, euren berbetan, ez dira auzoetarako hirigintza arloko inbertsioak jaisten diren bakarrak: herri lanetakoak, berbarako, %40 murriztuko omen dira aurten.
Murrizketak
Kultura arloan ere "beherapenak" nabariak izango dira, nagusiki auzoetako kultur-guneetan, EH Bilduk iragarritakoaren arabera. Esan dutenez, San Bartolomeko aurrekontua %7 jaitsiko da; Pinuetakoa, %10; eta Lamiakokoa %37. "Horregaz batera, berez eskasa zen auzoetako kultur programaziorako aurrekontua (40.000 euro) erdira jaitsiko dute EAJk eta PSE-EEk (20.000 euro)", salatu dutenez.
Bestalde, Sakoneta kiroldegiaren aurrekontua %2 jaitsi egingo dela adierazi du koalizio abertzaleak; kiroldegi denen mantenu-partidek ere beherakada jasango ei dute. Baita Hezkuntza ere. "Orotara, zentroetarako eta ekintzetarako diru-partidak %2,6 jaitsiko dira, eta hezkuntza arloko ekintzak, %36 (-125.546 euro). Eta PSEren proposamena izan zen ‘EHUrako sinergia-plana’ izeneko egitasmoak bere finantziazioaren %75 galduko du", aipatu du EH Bilduk.
Jarraitu dutenez, ez dira arlo horiek murrizketak nozituko dituzten bakarrak. Besteak beste, enplegua eta udal garapenerako aurrekontua %17 murriztu ei dute, eta sustapen ekonomikoa eta lanaren bultzadarakoa ia %5 txikiagoa izango omen da 2016an.
Gobernu organoen kostuan eta zerbitzu publikoen pribatizazioan murrizketarik ez
Jaitsierarik izango ez duten arloen artean, gobernu-organoen ordainketak daudela kritikatu du Leioako EH Bilduk; horien berbetan, "2016an 599.415 euroko aurreikuspena egiten dute, nahiz eta EH Bilduk horiek %20 txikiagotzeko proposamena egin. Bestalde, udal Gobernuaren propaganda egiteko diren gastuetan, 134.000 euro aurreikusten dituzte".
"Gauza bera esan daiteke zerbitzu-publikoen pribatizazioari dagokionez", aipatu dutenez. Ezkertiarren ustez, gero eta diru-kopuru handiagoa ordaindu egiten du Leioako Udalak enpresa pribatuen esku utzi dituen zerbitzu publikoen kudeaketagatik: "Horren adibide ezagunenak diren kale zein eraikinen garbiketan, hiri-hondakinen kudeaketan eta zabor-bilketa berezian edota argiteria publikoan zein informatika alorreko enpresa pribatuekiko kontratuetan 5,1 miloi euro gastatuko du Leioako Udalak 2016an. EAJk eta PSEk pribatizatuta dituzten gainontzeko udal zerbitzuak kontuan hartuta gastua, ziurrenik, 6 milioitik gorakoa izatera heldu daiteke aurten, hots, udal aurrekontu osoaren %18 ia-ia", salatu dute.
Amaitu dutenez, "leioaztarren parte hartze barik, EAJ eta PSE-EE alderdiek taxututako 2016rako aurrekontuek, murrizketa garrantzitsuakaz etortzeaz batera, ez dute balio izango Leioak aspaldidanik dituen gabezia orokor zein arlokakoei aurre egiteko".
"EAJk eta PSEk aurreko urteetako politiken jarraipena jarri dute lehentasun gisa, murrizketa garrantzitsuei bide emanez. Leioako EH Bilduk murrizketa oro salatu eta, era berean, auzoetako zein herri osoko lehentasunak aurrera eraman ahal izateko dinamika eta proposamenei emango die lehentasuna", aurreratu dute. Horretarako, herritarrak informatu eta haien iritzia eta parte hartzea bultzatu gura dute. "Aurtengo aurrekontuetan 250.000 euroko diru-partida zertan inbertitu herritarron artean prozesu parte hartzaile bat martxan jartzeko egin dugun proposamena horren adibide bat baino ez da izan", amaitu dutenez.