Elkarrizketak

Travellin' Brothers: "Harribitxi bat sortu nahi genuen, gure entzuleen gozamenerako"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko ots. 8a, 10:00

Travellin’ Brothers leioaztarrak sasoian daude, Aitor Cañibano Goikoetxea taldeko gitarra-joleak baieztatu duenez. Orain dela gutxi amaitu dute bi urtez luzatu den Magnolia Route bira. Bada, barikuan, hilaren 5ean "One day in Norway" disko berria plazaratu zuten, sortu berri duten Magnolia Recors zigiluagaz. Aurreko egunetan, Polonian ibili dira zuzenekoak eskaintzen...

Zelan laburbilduko zenukete azken urte biotan Amerikako Estatu Batuetan eta Europan barrena egindako Magnolia Route izeneko bira?

Ez da erraza. Kar, kar. "Magnolia Route" diskoa grabatzen amaitu genuenean, bagenekien lan bikaina geneukala esku artean; oso pozik geunden emaitzarekin, eta zalantzarik ez geneukan harrera ona izango zuela publikoaren, kritikaren zein jaialdietako antolatzaileen aldetik. Gauzak horrela, diskoa aurkezten hasi ginen Bilboko Kafe Antzokian, gure herrian... Aldi berean, hainbat eta hainbat tokitatik deitzen hasi ziren, bertara jotzen joateko; bira nahiko handia egiteko aukera ematen zigun horrek.

Amerikako Estatu Batuetan hasi zenuten bira...

New Orleans-en eta Mississipi-n hasi ginen kontzertu-bira egiten. Horrez gain, mundu osoko taldeak parte hartzen duten International Blues Challenge 2015 txapelketan parte hartu genuen, Memphis-en; baita finalera heldu ere. Munduko zortzi taldek baino ez daukate sariketa horretako finalera heltzeko aukera! Ikaragarria izan zen! Komunikabideetan oihartzun sano handia izan zuen horrek; guretzat bultzada handia izan zen.

Horren ostean, Europara jo zenuten.

Bestelako herrialdeetatik jotzeko eskaintzak heltzen hasi zitzaizkigun: iazko martxoan, Europa mailako txapelketan parte hartu genuen Bruselan, baita irabazi ere! Abendura arte, erabat topera geneukan kontzertuen egitaraua, baina sariketa hori irabazi ostean, zoramena izan zen! Askoz emanaldi gehiago egiteko deitu ziguten. Moldatu ginen ahal izan genuen bezala; ahalik eta hoberen egiten ahalegindu ginen. Magnolia Route biraren barruan, bi urtean, 120 kontzertu eman ditugu 11 herrialdetan. Oso esperientzia polita izan da; leku oso ezberdinetan egon gara, bluesaren eta jazzaren kulturan oso jantziak dauden herrietan, besteak beste. Oso aberasgarria izan da; musika-arloan gehiago ikasteko eta gauzak hobeto egiteko balio izan digu esperientzia horrek. Gainera, harrera oso ona izan da joandako leku guztietan; adibide bat aipatzearren: iazko kontzertuetatik, jotzeko data gehiago atera zaizkigu aurtengo birarako.

Esaten dute inor ez dela profeta bere herrian. Horrela sentitu zarete inoiz?

Ehuneko ehunean ez da horrela izan. Guk badakigu egiten dugun musika-mota gutxiengo baterako dela; ez da ezustekoa izaten komunikabideetan ez agertzea. Oinak lurrean dauzkagu; badakigu zertan gabiltzan. Beste estilo bateko talde batek guk lortu dugun beste lortu izango balu, agian, hedabide guztietan egongo litzateke. Guk blues, jazz eta swing musika-estiloak jorratzen ditugu, eta gure zabalkundea horren araberakoa da. Hala ere, esan beharra dago 12 urte direla kontzertuak ematen gabiltzanetik: 820 emanaldi baino gehiago egin ditugu, Espainia mailako txapelketa ia guztietan jo dugu, eta zazpi disko atera ditugu. Pozik gaude gure ibilbidearekin!

Esan daiteke Travellin’ Brothers dela, azken urteotan, blues munduan, ikusmin handiena sortu duen taldeetako bat?

Bai. Horrela da.

Horrek eroan zaituzte otsailaren 5ean plazaratu duzuen diskoa sortzera?

Sano ipurdantzariak gara: ez dugu eserita bost minutu ere irauten. Disko berri bat grabatzeko gogoa geneukan; bi urtean behin plazaratu ohi dugu lan berri bat, bai gure abesti berriak jendeari ezagutzera emateko, bai gure zuzeneko espektakulua berritzeko. Gauza berri bat eman nahi izaten diegu beti jendeari eta jaialdien antolatzaileei. Izan ere, zirkuitu berberari bueltaka ibiltzen gara beti; gauza berriak proposatu egin behar dira.

Duela bost urte hasi ginen Suitzan, Frantzian eta Portugalen kontzertuak eskaintzen; baina azken bi urteko birek izan dute benetako garrantzia. Momentu goxo hori aprobetxatu nahi genuen zuzeneko grabaketa bat egiteko; harribitxi bat sortu nahi genuen, gure entzuleen gozamenerako. Gu oso pozik gaude egindako lanarekin.

Diskoaren izenburuak argi adierazten du zein den lan berriaren muina, ezta?

Bai. "One day in Norway" izenburuak ez du zalantzarako izpi handirik uzten.

Disko berezia da. Zelakoa izan zen lan hori grabatzeko prozesua?

Grabatzeko prozesua oso berezia izan zen; estres handiarekin bizi izan genuen, baina oso motibagarria izan zen, aldi berean. Guztira, 24 ordu izan ziren, etxetik atera eta bueltatu ginen arte. Bitartean, hegazkinez zein furgonetan egindako bidaiak, zortzi orduko grabazio-saioa, eta Notodden-eko (Norvegia) festibalean eman genuen kontzertua. Aurrekontu aldetik, Europan dagoen blues txapelketarik handiena da hori. Oso azkarra izan zen dena, baina poz-pozik gaude emaitzarekin.

Juke Joint Studio-a ez da ohikoa.

Diskoa Notoddeneko Juke Joint estudioan egin genuen; atmosfera berezi bat dago bertan. Tresna guztiak analogikoak dira; Memphiseko Stax estudiotik eraman zituzten nahasketa-mahaia, mikrofonoak, hainbat teklatu, anplifikadoreak... Grabazioa oso berezia izan zen: zuzenean egin genuen, denok batera, duela urte asko diskoak grabatzen ziren moduan.

Zaila izan zen?

Erronka hori hartu nahi genuen, eta uste dugu ondo baino hobeto gainditu dugula. Kontuak hala, diskoaren izenburuak grabaketa-prozesua zelakoa izan zen islatzea nahi genuen. "One day in Norway" aukeratu genuen ondo baino hobeto laburbiltzen duelako zelakoa izan zen prozesua; egun bakarrean egin genuen guztia. Bestalde, Norvegiari omenaldi txiki bat egin nahi genion, izenburuan aipatuz; bluesa eta musika beltza ondo zaintzen badakitelako.

Zergatik erabaki zenuten azken lan hori seikote moduan grabatzea?

Argi eta garbi, Travellin’ Brothers seikotea delako. Azken urteetan gauza asko egin dugu big band moduan, gonbidatuekin, abesbatzekin... Lehen aipatu dudan bezala, oso ipurdantzariak gara, eta beti gauza berriak egin nahian gabiltza. Baina betidanik seikotea izan gara; nahiz eta big band batekin jo, seiok bakarrik osatzen dugu taldea.

Bestalde, zigilu propioa sortu duzue 12 urtean ateratako 7. disko honetarako. Zigilua aurkezteko erabiliko duzue disko berria?

Magnolia Records izeneko zigilu berria eratu dugu kontu guztiak gure eskuetan egon daitezen; hau da, gauzak nahi dugunean egiteko. Horrek ez du esan nahi Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin harreman txarra izan dugunik; inondik inora ere ez! Oso pozik egon gara beti eurekin; harremana oso ona izan da. Baina, azkenean, guretzat errazagoa zen zigilu berria sortzea. Gainera, orain, nazioarte-mailan izena badaukagunez, uste dugu gure zigilu propioa edukitzea hobea dela eguneroko funtzionamendurako.

Diskoari dagokionez, DVDa egin dugu Magnolia Route biraren irudiekin; urte bi iraun duen bidaia luze horren laburpen bat da. Kontzertu guztietan izan dugu alboan bideo-kamera; irudi horiekin guztiekin 30 minutuko dokumentala sortu dugu. Diskoarekin batera salduko dugu DVDa.

Binilo-formatuan ere, edizio berezi bat egingo dugu; bertan sartuko ditugu CDa eta DVDa, opari. Egin diguten diseinu-lanarekin oso polita geratu da.

Errepertorio ezberdinak ere prestatu dituzue musikari ezberdinekin batera jotzeko.

Betidanik gonbidatu izan ditugu hainbat eta hainbat artista, gurekin jotzeko eta gure entzuleek musikari horiek ezagut ditzaten; horietako baten errepertorioa lantzen dugu, eta gurekin jotzera gonbidatzen dugu. Pasa diren urteetan, J.T. Lauritsen, Andy J. Forest, Nico Wayne Toussant, Sugaray Rayfors eta beste hainbat izan ditugu gurekin.

Diozuenez, 2015. urtea “txiki” utzi gura duzue.

Kar, kar. Iaz izandako arrakasta hobetzeak zaila ematen badu ere, beti gertatu izan zaigu gauza bera: urte bat bukatzen dugunean, gure artean horren balantzea egin ohi dugu, eta beti pentsatzen dugu hobetzea oso zaila izango dela. Baina, azkenean, urtean-urtean hobetzen ditugu aurreko urteko markak; orain ere gauza bera gertatuko zaigula uste dugu. Otsailaren 5ean plazaratuko dugu One day in Norway diskoa, eta agenda ia-ia beteta daukagu jada. Momentuz, 14 edo 15 herrialde desberdinetan baieztatuta dauzkagu kontzertuak; otsailaren 4an Polonian egon behar dugu, Gdynia hirian jotzeko. 

Urte osorako lana baduzue, orduan?

Abendura arte ia beteta daukagu kontzertuen zerrenda; hurrengo urterako ere gauza asko dauzkagu itxita. Beraz, antza, 2016a aurreko urtea baino hobea izango da. Hala ere, momentuz, kontzertuz kontzertu joan behar dugu; gozatzea da kontua.

Beraz, luzerako daukagu Travellin’ Brothers. Sasoi betean zaudete!

Hala espero dut! Momenturik onenean gaude, baina tentuz ibiltzea komeni da; ez dakigu noiz arte iraungo duen momentu goxoak. Batek daki. Agian, bi urte barru telefonoa noiz jotzeko zain egongo gara... Gozatzea eta disfrutatzea da orain dagokiguna. Gero, gerokoak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun