Zapatu honetan, hilaren 13an, 35 urte beteko dira Joxe Arregi zizurkildarra Espainiako Poliziaren komisarian jasotako torturen ondorioz Carabanchelgo (Madril) espetxean hil zela. Orduz geroztik, otsailaren 13a torturaren kontrako aldarria lau haizetara zabaltzeko eguna bilakatu da otsailaren 13an.
Bestalde, maiatzaren 17an hasiko da, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Erika Bilbao eta beste zortzi euskal herritarren kontrako epaiketa; Ekin erakundeko kide izatea egotzita, Estatuko Fiskaltzak bederatzi urteko espetxe-zigorra eskatu du leioaztarrarentzat. Guardia Zibilak 2010eko irailaren 14an atxilotu zituen Bilbao (2012ko uztailaren 25ean atera zen espetxetik) eta beste zortzi euskal herritarrak. Polizien eskuetan bost egun egin zituzten inkomunikazio egoeran; "tortura basatiak" salatu zituzten denak.
Hain zuzen ere, torturak pertsonarengan daukan eragina dauka oinarritzat atzo aurkeztu zuten dokumentala: Olatz Barrenetxea psikologo sopeloztarrak eta Erika Bilbao berak horretaz berba egin zuten ekitaldian: "tortura zer den, zelan apurtzen zaituen, zelan sentiarazten zaituen ezdeus eta errudun, zelan ez dagoen ezer atxilotuaren esku...", azaldu dute proiekzioa ikusi eta berbaldia entzuteko aukera eduki zutenek.
Nork bere burua erruztatzea
Auzipetuek egindako tortura salaketek esangura handia edukiko dute maiatzaren 17an abiatuko den epaiketan, Sopelako psikologoak HIRUKAri adierazi zionez; "torturen bitartez, euren buruen kontra egindako zein gainontzeko atxilotuek kontrako erruztapenetan oinarrituta daude akusazioak", Barrenetxeak dioenez. Atzo azaldu zutenez, Erika Bilbaogaz batera atxilotu zuten lagunetako batek 'Laguntza' berba jarri zuen alderantziz (Aztnugal), guardia zibilek sinarazi zioten lekukotza izenpetzeko orduan.
Gaurko mobilizazioagaz bat egiteko orduan, Getxoko EH Bilduk aipatu duenez, "ezkutuan utzi gura dutena berriro aterako dugu argitara. Gure ardura da, gaur eta egunero, amesgaizto hau berriro inork bizi behar ez izatea; gure ardura da horregaz amaitzea".
Ildo horretan, torturaren aurka "irmoki" egitearen alde agertu zen atzo Eusko Legebiltzarra; PSE-EEk eta EAJk EH Bilduren jatorrizko proposamenari egindako erdibideko zuzenketa onartu zuten hiru alderdiek.
Uribe Kostan 200 torturatu
Uribe Kosta eskualdean 1960ko hamarkadatik gaur egun arte 200 pertsona baino gehiagok pairatu dute tortura, Erika Bilbao leioaztarrak, Iñaki Gonzalo "Kitxu" itzubaltzetarrak eta Xanti Labeaga algortarrak HIRUKA.EUSen argitaratutako iritzi-artikuluan diotenez: "Eskualde honetan 200 pertsona baino gehiagok ez-pertsona sentiarazterainoko tratua sufritu dugu", gaineratzen dute.
Mobilizazioak
Egun hauetan zehar ez dira gutxi izan tortura salatzeko mobilizazioak Euskal Herrian eta Uribe Kostan; oraindik dago kalera ateratzeko aukera. Bihar, zapatuan, Algortatik Hanka "indar okupatzaileen kontrako mugimendua" deritzonak mobilizazioa deitu du. Lehenengo hitzordua 17:00etan izango da Txiki-Otaegi plazan (San Nikolas plaza); ondoren, 17:30ean Guardia Zibilaren kuartelera abiatuko dira, "torturatzaileak Euskal Herritik kanpora" joan daitezela aldarrikatzeko asmoz.