Uribe Kostako Bertsolari Txapelketa 2016

Arrate Illarok, Inazio Vidalek eta Aitzol de Kastrok lortu dute Plentziako finalaurrekorako txartela

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 9a, 11:00

Bertsozale ugari egon zen Leioako kanporaketan. © ALBE

Joan den zapatuan, martxoak 5, jokatu zen Uribe Kostako Bertsolari Txapelketaren lehenengo kanporaketa. Orotara, 12 lagun lehiatu ziren, hiru saiotan banatuta. Egin beharreko lana egin ostean, Arrate Illaro, Inazio Vidal eta Aitzol de Kastro sailkatu ziren martxoaren 19ko finalaurrekorako. Hurrengo kanporaketa zapatu honetan, martxoak 12, egingo dute, Algortako Villamonte (19:00) zein Ekin (20:00) tabernetan eta Azebarri kultur gunean (21:00); beste dozena bat bertsolari lehiatuko dira.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bultzatutako Zortzi Puntutan ekimenagaz bat egingo du ALBE Algortako Bertsolari Eskolak antolatutako sariketak. Kanporaketa biak eta finalaurrekoa bertso-poteoaren formatuan egingo dituzte; lau bertsolariz osatutako hiru saio jokatuko dira. Finalari dagokionez, sei bertsolarik osatutako saioa izango da.

Hala, Leioako kanporaketan, hamabi bertsolari lehiatu ziren hiru tabernatan. Egin beharreko lana: hasierako agur puntuagarria, ofizioan hiruna bertso zortziko nagusian, beste hiruna zortziko txikian, eta bertso bat berba bat gaitzat emanda.

Lehenengo saioan, Ganeko tabernan, Arrate Illaro nagusitu zen, eta horretara, martxoaren 19an Plentzian jokatuko den finalaurrekorako txartela zuzenean lortu zuen. Bere atzetik, hurrenez hurren, Unai Mendiburu, Peru de Pedro eta Xabier Albizu "Txuri" geratu ziren. Saio txukuna izan zen eta partida bat entzule egin ziren.

Bigarren saioan, Kurkudi tabernan, Inazio Vidal nabarmendu zen. Atzetik Peru Vidal, Galder Bilbao "Txapi" eta Iñigo Kortazar geratu ziren. Erritmo handiko saioa jendez lepo egon zen.

Hirugarren saioan, Kazu pubean, Aitzol de Kastrok lortu zuen lehenengo postua. Atzetik Beñat Vidal, Paule Loizaga eta Xabier Sainz de la Maza joan ziren. Hau ere saio txukuna izan zen, jendez mukuru eta kontrastean erabateko isiltasuna bertsoak entzutean.

Hala ere, martxoaren 19ko finalaurrekora, zuzenean, Arrate Illaro, Inazio Vidal eta Aitzol de Kastro pasa ziren. Gainerakoek puntuazioari begira lotu behar.

Bigarren kanporaketa, Algortan

Hurrengo kanporaketa zapatu honetan, hilak 12, jokatuko da Algortan:

19:00 Josu Landeta, Arkaitz Gomez, Joanes Igeregi eta Daniel de Miguel, Villamonte tabernan.
20:00 Jone Uria, Unai Larrazabal, Pello Etxebarria eta Peio Arondo, Ekin tabernan.
21:00 Imanol Uria, Ekaitz Larrazabal "Katxo", Miren Loizaga eta Itxaso Paia, Azebarrin.

Finalaurrekoa eta finala, Plentzian

12:30 Poteoa.
13:00 Lehenengo finalaurrekoa.
14:30 Bazkaria, Danontzat gaztetxean. Helduak 12 euro eta adin txikikoak edo langabetuak 10 euro. Izen-ematea martxoaren 16a baino lehen (605 704 385). Begetarianoek aurretiaz abisatzea eskatzen da.
17:00 Bigarren finalaurrekoa.
18:00 Hirugarren finalaurrekoa.
21:30 Finala.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun