Elkarrizketak

Inesa Ugalde Igartua: "Herri Unibertsitatea hiru egunetik harago joango den proiektu bat izatea nahi dugu"

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 11a, 09:22

Inesa Ugalde Igartua EHUko ikaslea eta Herri Unibertsitateko antolatzaileetako bat.

Beste hainbat campusetan be­za­la, martxoaren 14tik 16ra bitartean EHUren Leioa eta Erandioko er­e­muan Herri U­ni­bertsitatea egingo du­te, Irakasleen Unibertsitate Eskolan, hain zuzen ere. Hala, hezkuntza eredu kapitalistaren ordezko bat posible dela aldarrikatu eta alternatiba erreala irudikatuko dute egun horietan. Proiektuaren nondik norakoak azaltzeko, Inesa Ugalde Igartua ikasle arrasatearragaz egin dugu berba.

Martxoaren 14tik 16ra bitartean Herri Unibertsitatea egingo duzue Leioako campusean. Zer dela-eta jardunaldi horiek?

Hezkuntza-eredu horren ordezko gisa, horrekin ez gaudelako ados. Gaur egungo hezkuntza-sistemak hutsune handi bat du, bai eduki aldetik, bai pedagogia aldetik. Merkatuaren agindupean eta horren mesedetan funtzionatzen duen hezkuntza bat da, eta horren guztiaren aurrean ordezko bat dagoela erakutsi nahi dugu.

Zein izango da horien helburua?

Hezkuntza kritikoa sustatzea, ikasleak aktibatzera bidean. Erakustea benetan posible dela, badagoela beste hezkuntza-eredu bat. Bestalde, Herri Unibertsitatea hiru egunetik harago joango den proiektu bat izatea nahi dugu.

Nork antolatzen ditu?

Fakultate denetan sustapen-taldeak daude, eta horiekin batera sustapen-talde orokor bat dago ere, talde guztietako ordezkari bana edo bina batzen dituena. Sustapen-talde horietan, halaber, talde ezberdinak egoten dira, hala nola azpiegitura-lantaldea edo lantalde teknikoa. Horiek guztiak campuseko ikasleek osatzen dituzte; halere, aurten irakasleei ere gonbita egin zaie horietan parte hartzeko. Horiek ez dira animatu sustapen-taldeetan parte hartzera, baina bai hitzaldiak ematera zein laguntza eskaintzera beste arlo askotan. Hala, berez, interesa duen edozeinek parte har dezake talde horietan.

Non izango dira Herri Unibertsitateko jarduera guztiak?

Irakasleen Unibertsitate Eskolan izango dira; bertan egongo da aukera, gainera, jateko zein lo egiteko egun horietan.

Herritik eta herriarentzako hezkuntza-eredua aldarrikatzen duzue; zelan definituko zenuke eredu hori?

Denon artean ikastekoa, pedagogia askatzailea darabilena, eta denon jakintza bata besteari erakusten diona. Herritik herriarentzat. Gu herritik gatoz unibertsitatera, baina hemen ikasi eta egiten ditugun ikerketak, proiektuak eta lortzen dugun jakintza guztia hemen gelditzen da, herrira bueltatu barik; herriak ez du ezer jasotzen unibertsitatetik. Azken finean, enpresetara eta sistema kapitalista baten baitan mugitzen den sistema bat da gaur egungo eredua, eta guk horren ordezkoa aurkezten dugu, ez dugulako horretan parte hartu nahi.

Aurtengoa Herri Unibertsitea egiten den hirugarren aldia izango da; aurrekoetan harrera ona izan zuen ekimenak, aurtengoan zeintzuk aurreikuspen dituzue?

Lehenengo urtean 350 lagun bildu ziren, iaz 550 izan ziren eta aurten ia 750era heltzea espero dugu. Aurtengo edizioan askoz ere hitzaldi gehiago antolatu ditugu; iaz 8 hitzaldi izaten ziren ordu berean; aurten, berriz, 9 hitzaldira igo dugu kopuru hori. Gainera, arratsaldeetan ere jarduera gehiago egingo ditugu. Hala, hitzaldi gehiago egongo diren bezala, espero dugu ikasle gehiago animatzea hurbiltzera. Halaber, dibertsitate gehiago dago aurten hitzaldien artean.

Zeintzuk gauza nabarmenduko zenituzke aurtengo Herri Unibertsitateaz?

Aurten elikadura-burujabetza izango dugu oinarri, eta kontsumituko diren produktu guztiak bertokoak izango dira. Bestalde, ondorio batzuk eta jarraikortasun bat lortzera bidean, hiru ildo nagusi izango ditugu, bi egunetan landuko ditugunak: nazio, klase eta genero zapalkuntza. Hirugarren egunean, berriz, hiru bloke horien ondorioak aterako ditugu, eta, Herri Unibertsitatea bera proiektu gisa, bere jarraikortasuna garatzeko bidea nola ikusten dugun eztabaidatuko da baita ere.

Euskararen presentzia nabarmena izango dela diozue...

Bai, hitzaldi guztiak euskaraz emango dira, kanpoko ordezkaritzek emango dituztenak izan ezik, horiek erdaraz izango baitira, esate baterako, Kataluniatik eta Brasildik etorritakoak. Horietan, baina, itzulpenak egingo dira, erdaratik euskarara, eta euskaratik ingelesera egiten ere saiatuko gara. Mutuentzako hizkuntza bermatzen ere saiatuko gara; halere, horretarako, aldez aurretik horren beharra jakinaraztea eskatu nahi dugu, pertsona batzuk hori egiteko prest ditugulako, baina abisatu behar zaie.

Halaber, emakumearen irudiari garrantzia eman diozue...

Bai, aipatzekoa da garrantzi handia eman diogula emakumearen irudiari. Antolatutako hitzaldi pilo emakumeari buruzkoak izango dira, emakumearen ahalduntzeari buruzkoak, besteak beste.

Besteak beste, zeintzuk izen gonbidatu dituzue egun horietarako?

Ordezkaritza handia izango dugu Herri Unibertsitatean: CUPekoak etorriko dira, hainbat bertsolari, Brasildik, Porrotx, Oihane Enbeita, Ainhoa Etxaide, Nekane Jurado, Iñaki Gil de San Vicente, Jule Goikoetxea eta Tasio Erkizia, beste izen askorekin batera.

Zein egoera bizi du gaur egun ikasle mugimenduak orokorrean? Eta Leioako campusean?

Egoera berez latza da. Gero eta zailagoa da unibertsitatera sartzea eta bertan mantendu ahal izatea, tasak gero eta altuagoak direlako. Halaber, nik uste dut gero eta partaidetza gutxiago dagoela, gero eta pribatuagoa da dena... Ez dago sormenerako espaziorik, ez dugu gure karrerako edukiak kritikotasunez lantzeko aukerarik, ezta guk ikasi nahi ditugun edukiak aukeratzeko aukerarik ere.

Herri Unibertsitatea bezalako proiektua egundoko aukera da fakultateen arteko harremanak bultzatzeko, eta ikusteko fakultateetako egoera guztiak oso antzekoak direla. Izan ere, indibidualizazioa unibertsitatera ere heldu da, azken finean, horretara bideratzen gaituzte: gu gure ingurukoen gainetik pasatzera eta onenak izatera. Ikasleak unibertsitatera heltzen direnean, gainera, dituzten espektatibak guztiz ekonomikoak izaten dira, hau da, karrera bukatzean lanpostu on bat izatea, eta horrek lehiakortasuna areagotzea eragiten du. Hala ere, badaude proiektu batzuk horri guztiari aurre egiteko. Hainbat ikasle proiektu dago, eta badago ikasleriaren zati bat mugitzen dena; gainera, orokorrean, tasen gaiarekin zein euskaraz ikasteko ditugun zailtasunekin egoera nahiko orokortua dago eta ikasle guztiok horrekiko kontzientzia puntu bat dugula uste dut.

Mugimendu hori indartzeko asmoz, Europa mailako Forum to Fight ikasle foroa izan zen duela gutxi Laudion; zelan baloratzen duzue bertan adostutakoa? Ikasle mugimendua hauspotzeko balio izan du?

Ez nintzen bertan egon, baina badakit proiektu oso aberasgarria izan zela, bai harremanak egitera bidean, beste errealitate batzuk ezagutzera bidean eta gu, ikasle moduan, aktibatu eta indartze aldera. Ondorio batzuk atera dira foro horretatik, Forum to Fight-en webgunean argitaratu direnak, eta espero dut bide horrek jarraipena izatea.

Egitarau osoa:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun