Izan ere, Ikasle Abertzaleak (IA) taldearen arabera, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) jarritako ikasleen aurkako diziplina-espedienteak eta salaketak areagotu egin dira martxoan. Gauzak horrela, bost eskaera egin dizkiote unibertsitateko arduradunei: San Mameseko ikasleei diziplinazko espedientea ez irekitzea; Gasteizko ikasleen kontrako salaketak eta gainontzeko neurriak atzera botatzea; Leioako ikasle inputatuaren aferan esku hartu eta bere egoera konpontzea; EHUra Ertzaintza sar ez dadin behin-betiko neurriak hartzea; eta campusetan dauden "indar polizialak" kanporatzea.
Apirilaren 19rako Errektoretzak eskaera horien betetzeko bermeak jarri ezean, "hainbat egunetan Leioako jarduna beranduago hasiko dela" iragarri du Leioako IAk.