Ertzaintza ikasleen kontra oldartu dela salatu du IAk

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 26a, 16:45

Zaurituak 15 izan direla salatu du IAk. © IKASLE ABERTZALEAK

Leioako campuseko Ikasle Abertzaleak (IA) erakundearen berbetan, "manifestazioa errektoretzan sartzean campuseko segurtasun pribatua ikasleak jipoitzen hasi eta, berehala, campusean sartzeko agindua eman dio UPVk Ertzaintzari". IAk salatu duenez, "Poliziaren jarrera oldarkorra izan da, campuseko ikasleak jipoituz eta inputatuz; zaurituak, gutxienez, 15 dira eta inputatuak bost". Gertaera horien aurrean, gaur, martitzena, kontzentrazioa egingo dute 19:30ean Bilboko Unamuno plazan; eta, bihar, mobilizazioa, 12:50ean, Leioako campuseko Mikel Laboa plazatik.

"Azken hilabetetan agerikoak izan dira UPV eta Ertzaintzaren arteko elkarlanaren adierazpenak. San Mames eta Gasteizko irudiak oraindik bezperan ditugunean, UPVk campusean sartzeko baimena eman dio berriz Ertzaintzari. Guzti honek agerian utzi du berriro, Bolognaren aplikazio garaian ikusi moduan, ereduen arteko talka honetan UPVk noren alde jarduten duen. Talka gero eta gordinagoa da. Orain arte ikasleok jasan ditugun erasoetan UPVk erantzukizun zuzena izateaz gain, gaur, Ertzaintza ikasleen aurka oldartzen zen bitartean, Errektoreordetza lotsarik gabe parean egon da begira", salatu du Ikasle Abertzaleak erakundeak.

Hain zuzen ere, gaurko manifestazioa azkenaldian eman diren "ikasleen aurkako erasoak" salatzeko deituta zeukan Leioako IAk. Izan ere, Ikasle Abertzaleak (IA) taldearen arabera, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) jarritako ikasleen aurkako diziplina-espedienteak eta salaketak areagotu egin ziren martxoan. Gauzak horrela, bost eskaera egiten dizkiote unibertsitateko arduradunei: San Mameseko ikasleei diziplinazko espedientea ez irekitzea; Gasteizko ikasleen kontrako salaketak eta gainontzeko neurriak atzera botatzea; Leioako ikasle inputatuaren aferan esku hartu eta bere egoera konpontzea; EHUra Ertzaintza sar ez dadin behin-betiko neurriak hartzea; eta campusetan dauden "indar polizialak" kanporatzea. Apirilaren 14an eta 19an, Leioako campuseko sarrerak itxi zituzten ikasleek, "bost exigentziak" berresteko, eta Errektoretzari horiek bete zitzala exijitzeko. Gaurko manifestazioa deituta zeukaten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun