Errektoretzara "oldarka" sartu izana egotzi die EHUk ikasleei

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 26a, 17:00
Berriro ere sartu da campusera Ertzaintza. © IKASLE ABERTZALEAK

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) agintariek gaurko manifestazioan parte hartu duten ikasleetako batzuei egotzi die errektoretzan "indarrez" sartu izana: "Haurtzaindegiko atetik sartzen saiatu dira. Gero, pertsona horiek ondoko segurtasun atea, kristal bikoitzekoa, mazo batez suntsitu dute; eta bertara joan denean zer gertatzen zen ikustera, zinpeko zaintzaile bat jo dute", Unibertsitateko iturriek diotenez. "Zaintzailea osasun zentro batera eraman behar izan dute", gaineratu dutenez.

EHUko agintariek zabaldutako oharrean irakur daitekeenez, "gero, pertsona horiek oldarka sartu dira eraikin bereko beheko solairura, zehazki enpresa mintegiaren eta galdara gelaren eremura, horrek dakarren arriskuarekin. Egoera horren aurrean, Euskal Herriko Unibertsitateak ertzainei deitu die, eta haiek etorri, oldartzaileak kanporatu eta bost pertsona identifikatu dituzte, tartean atea haustearen eta oldarraldiaren erantzule zuzenak".

Euskal Herriko Unibertsitateak "erabat" gaitzetsi ditu "indarkeriazko jokabideok" eta berriro ere adierazi du "pertsona guztien adierazpen askatasunaren alde" dagoela. "Inor ezin da indarraz baliatu edo unibertsitateko lokaletara oldarka sartu. Unibertsitatea, zalantza barik, eztabaidarako tokia da, ideiak erkatzekoa, askotariko proiektu politiko eta sozialak aurkeztekoa, baina inork ez dauka inolaz ere zilegitasunik indarkeria erabiltzeko", kritikatu dutenez.

Amaitu dutenez, "unibertsitatearen eremuan gutxiengo batzuek indarkeria erabiltzen duten bitartean, EHUko errektore-taldeak jarraituko du bermatzen pertsona guztien oinarrizko eskubideak, askatasun publikoak eta segurtasuna errespetatzen direla; irakaskuntza eta ikerketa lana normaltasunez egiten dela; eta euskal gizarteak unibertsitatearen esku jarritako ondare eta baliabideei kalterik egiten ez zaiela".

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun